Udal Euskaltegia datorren ikasturteari begira dago
Gaur aurkeztu dute 2024-2025 ikasturtea eta matrikulazio kanpaina. Beste ikasturte batez, Lannahi programari eutsiko dio udalak.
Udal Euskaltegira gerturatu da gaurkoan Jon Ugarte Euskara ordezkaria eta Miren Tolosa euskaltegiko zuzendaria. Izan ere, hurrengo ikasturtea hasteko denbora falta den arren, 2024-2025 ikasturtearen aurkezpena egin dute gaur. Irailaren 2an irekiko dute matrikulazio epea eta 17ra arte egongo da zabalik. Ikasturtea, berriz, urriaren 1ean hasiko da eta 2025ko ekainaren 20an bukatu.
Modulazio desberdineko ikastaroak eskainiko dituzte, eguneko bi, hiru edota lau ordukoak, eta astean bi, hiru, lau edota bost egunekoak. Euskaltegiaren helburua “euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea” dela azaldu du Ugartek eta asmo hori lortzeko “zerbitzu finko bat, kalitatezkoa eta baliabideekin” eskaini behar dela uste du ordezkariak. “Animatu zaitezte udal euskaltegian izena ematera, euskara ikasteko, euskara hobetzeko edo ziurtagiria ateratzeko” erantsi du.
Udal euskaltegietako ikastaroak moduluetan bereizita daude, eta horren araberakoak dira prezioak ere. Dirua aurreratu behar bada ere, asistentzia eta aprobetxamendu ona duten ikasleek Irungo Udalak ematen dituen bekak lor ditzakete. Era horretan, matrikulazioa %100 ordainduta izango dute udal erakundearen eskutik.
Lannahi programari eutsiko diote beste ikasturte batez. Langabezian dauden pertsonei edota %50 edo gehiagoko aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea duten ikasleei, edota lanean egonda ere, gehienez %50eko lanaldia dutenei zuzendutakoa da. Ikastaro hauek goizez eskaintzen dira eta lau orduko iraupena izaten dute. Arratsaldez jaso nahi duenak, hiru orduko saioa jasoko du. Lannahi programarekin ikasi nahi duenarentzako matrikula epea irailaren 2an zabalduko da eta irailaren 17an itxiko da.
Matrikulazioa
Lannahi programarako izen ematea HAZ bulegoetan egin daiteke edota HAZeko autozerbitzu terminaletan. Bestalde, ikastaro trinkoetan izena eman nahi duenak Urdanibia plazako 5. zenbakian dagoen Udal Euskaltegira gerturatu beharko du bulego ordutegian, 10:30etatik 13:30etara, eta 16:30etatik 19:00etara. Denek mailaketa proba bat egin beharko dute matrikulazio epeen barruan, hau da, irailaren 2tik 17ra bitartean, bulego ordutegiaren barruan.
2023-2024 ikasturtea
Ikasle kopurua mantentzea lortu du udal euskaltegiak, bai Lannahi programan bai ikastaro trinkoetan. Lannahin seina talde izan dituzte, eta ikastaro trinkoetan aurreko urtean baino talde bat gehiago osatu dute. Ikasle kopuru aldetik “balantze ona” egin du Udal Euskaltegiaren zuzendariak.