"Nahi nuen bezalakoa izan zen; perfektua da hitza"
Nabarmen hunkituta, eta bizitako esperientziarekin erabat asebeteta kontatu ditu Ainara Aramendiak Santiago Egunean bizitakoak. Londresera itzuli berritan burua oraindik Hondarribian duela aitortu du.
Santiago Egunean egiten den Kutxa Entregaren protagonista izan zen Ainara Aramendia. Oporretan zegoela jakin zuen 2024ko Kutxa eramailea izango zela eta ilusioz eta poztasunez beteta bizi izan du azken hilabetea. Batez ere, bere inguruko jendearen babesa eta maitasuna eskertu ditu.
Oporretan zinela jakin zenuen 2024ko Kutxa eramailea izango zinela. Nola gogoratzen duzu momentu hori? Espero al zenuen?
Ez nuen espero, inondik inora. Prozesu horretarako ez duzu zure hautagaitza aurkezten eta beraz, gutako askok ez dugu hautatua izatea espero. Ekainaren 28an [Norberto Emazabelek, Hondarribiko Arrantzaleek Kofradiako presidenteak, egun horretan jakinarazten dio hautatua izan denari erabakia eta onartzen duen ala ez galdegiten dio] lotan nengoela deitu ninduen Norbertok. Egun horretan oso goiz esnatu ginen safari bat egiteko eta hurrengo egunean ere goiz esnatu behar ginen zazpi orduko bidai bat egiteko. Horregatik, mugikorra ‘hegazkin moduan’ utzi nuen. Deiak erantzuten ez nituela ikusita imaginatu dezakezu nola zeuden nire gurasoak. Burua galtzen ari ziren.
Esnatu nintzenean mezu pila ikusi nituen. Aplikazio guztien bidez saiatu ziren nirekin harremanetan jartzen. Hainbeste mezu ikusita zerbait txarra gertatu zela pentsatu nuen. Gurasoei bideodei bat egin eta zer gertatzen zen kontatu zidaten. Orduan, Norbertori ahalik eta azkarren erantzun behar niola esan zidaten eta errepideko bidai luze bat egin behar genuenez mezu bat utzi nion. Momentu hori oso kaotikoa izan zen, baina ilusio handikoa ere, ez bainuen espero.
Aldi berean, oporren ondoren Londresera itzultzekoa nintzen [bertan bizi da] eta nire nagusiari eta enpresari gertatzen ari zena kontatu behar nien, ingelesez. Kanpokoa zarenean zaila izaten da askotan halako gauzak ulertzea. Errepidean ginela mezu luze bat bidali nion nire nagusiari, bideoak eta guzti. Eta nire harridurarako, oso ondo ulertu zuen egoera eta nire bulegoko jendea galdezka hasi zitzaidan. Gehiago jakin nahi zuten. Are, egunean bertan bulegoan desfilea zuzenean ikusteko estekarik ba ote zegoen galdegin zidaten. Ni baino ilusio handiagoa zutela zirudien! Alde horretatik oso erraza izan zen guztia kudeatzea.
Eskertzekoa da Kutxa Entrega zer den ez dakien jendeak horren ondo hartzea egoera eta hain ulerkorra izatea. Batez ere, eman zizuten babes hori guztia ikusita.
Bai, izugarria izan zen. Gainera, herrialde ezberdinetan bizi izan naiz, eta toki askotako lagunak ditut. Badago ni ikusteko hegaldi bat hartu duenik ere, eta egun horretan bertan animozko mezu ugari jaso nituen. Mundu guztia oso kontent zegoen nigatik.
Zer sentitu zenuen kutxa eraman behar zenuela jakinarazi zizutenean? Imaginatzen dut egun hori berezia izango dela zure etxean.
Emozio nahasketa bat sentitu nuen. Oso pozik nengoen, baina aldi berean, oso urduri. Beste astebete geratu behar nintzen Tanzanian, ezin nituen hegaldiak aurreratu. Ez nekien guztia egiteko denbora izango ote nuen. Eta entseguei dagokienez, normalean kutxak uztailaren 2an hasten dira entseatzen. Uztailaren 10ean izan zen nire lehenengo entsegua. Alde horretatik pixka bat estresatu nintzen, baina egia da nire familiakoek baiezkoa eman nuen momentutik guztia antolatzen hasi zirela. Zentzu horretan, lasai nengoen.
Oporretan egonda eta guzti hori buruan, zaila izango zitzaizun erlaxatzea. Burua hemen izango zenuela pentsatzen dut.
Eguzkia hartzen ari nintzela bideoak ikusten nituen, eta aldi berean, egiteke nuen guztian pentsatzen nuen. Zaila izan zen Tanzaniako momentua bizitzea, bai, burua Hondarribian nuen.
Hondarribira itzuli eta nola izan zen prozesua? Aipatu duzu egun gutxi izan zenituela guztia antolatzeko.
Gurasoek guztia lotuta utzi zuten, ni heldu nintzenerako hitzordu guztiak hartuta neuzkan: ile apaintzailearekin, modistarekin… Uztailaren 9an iritsi nintzen eta 10ean hasi nintzen entseatzen. Astelehenetik ostiralera entseatzen genuen, arratsaldez, ordu erdi. Eta lehen asteburuan Zaragozara joan ginen mantoiaren bila. Nahiko frenetikoa izan zen, egunero zegoen zerbait egiteko.
Eta entseatzeko egunak nahikoak izan ziren, ala gehiago izatea eskertuko zenuke?
Nahi izatearren… prozesuaz gehiago disfrutatzeko eta luzeagoa izan zedin egun gehiagotan entseatuko nuke. Baina egian esan, nahiko azkar hartu nion kutxari. Bigarren egunetik hasi ginen pisua sartzen. Lehen egunean kutxa hutsarekin entseatzen duzu eta inolako arazorik ez nuela ikusita hurrengo egunean pisua sartu genuen. Hasieran oreka hartzea izaten da zailena, baina azkar ikasi nuen. Esan dezagun aste batera seguru ikusten nuela nire burua.
Zaragozara joan zineten mantoia erostera. Kolore jakin baten ideiarekin joan al zinen?
Nahiko irekita nengoen, gehien bat dendan ez duzulako zehazki buruan duzuna aurkituko. Ez nituen aukerak murriztu nahi izan. Familian joan ginen. Dendara sartu eta hainbat mantoi atera zituzten. Segituan esan nuen: “Hori da”. Ez dakit zergatik, baina banekien hori hautatuko nuela. Hala ere, gainontzekoak probatu nituen eta ikusi genuen hori zela hobekien geratzen zitzaidana.
Gainera, kolore egokia zela iruditzen zitzaidan. Hondarribiko berdeari keinu bat egiten zion, baina baita itsasoko urdinari ere. Azken batean, arrantzaren inguruko festa da. Kolore polita zela iruditu zitzaidan. Aldi berean, protagonismo guztia mantoiak izatea nahi genuen eta horregatik, soinekorako oso kolore argia hautatu genuen.
Entseguak bereziak badira… zer esan Santiago Egunaz. Nola bizi izan zenuen?
Oso berezia izan zen. Jendeak ea urduri nengoen galdetzen zidan, eta urduri baino gogotsu nengoela esango nuke. Uneoro ordulariari begiratzen nion, seiak noiz iritsiko zain. Irteteko izugarrizko gogoa nuen. Askok esaten zidaten: “Hasieran urduri egongo zara. Inpresioa egiten du jendea txalotzen ikustea arkutik igarotzen zarenean”. Baina nik “azkenean” pentsatu nuen. Denbora askoan esperotako momentua izan da eta sekulako satisfazioa sentitu nuen.
Poztasun handiarekin bizitu nuen momentua, ezin nion irribarre egiteari utzi. Benetan sentitzen nuen. Poztasun handiarekin bizi izan nuen desfilea, baina baita aurreko guztia eta ondorengoa ere. Benetan diotsut, nire bizitzako momenturik zoriontsuenetako bat izan zen.
Momentuaz gozatzeko gai izan zinen hasieratik eta hori askotan zaila izaten da, urduritasunek ez dizutelako unean unekoa gozatzen uzten.
Askok esaten zidaten hori. “Ez utzi urduritasunak oroitzapenak ezabatzea edo momentua zuk nahi bezala ez bizitzea”. Horregatik uneoro presente egoteko esfortzua egiten nuen. “Ainara, hau bizitzen ari zara, disfrutatu zu txalotzen ari direla eta familiarekin zaudela” esaten nion nire buruari. Oso momentu guay-a izan zen.
Zer sentitu zenuen herritik ibiltzen ari zinela?
Babestuta sentitu nintzen eta herriarekiko konexioa sentitu nuen. Azkenean, kutxarekin noa eta ezin dut alboetara begiratu edo jendea agurtu, baina lehen lerroan zegoen jendearen erreakzioak ikusten nituen. Jendea irribarretsu zegoela eta garrasi egiten zidatela ikusten nuen. Oso sentsazio berezia da, soilik bertan bazaude sentitzen duzuna. Maitasuna, poztasuna eta aldi berean, harrotasuna sentitu nituen. Harrotasuna, batez ere, aitarengatik. Hamabost urte zituenetik itsasoan lan egin du. Ezagutu duen lan bakarra izan da eta banekien berarentzat balio handiko momentua zela bere alabetako batek urte honetan bertan kutxa eramatea.
Espero zenuen bezalakoa izan al zen?
Espektatiba altuak nituen, banekielako une paregabea izango zela. Baina esango nuke nituen espektatiba guztiak gainditu zirela. Dena horren ondo atera zen… (Hunkituta). Ezin dut akatsik aurkitu. Nahi nuen bezalakoa izan zen; perfektua da hitza.
117 buelta eman zenituen zure gurasoen omenez. Nola otu zitzaizun hori? Zaila izaten da zenbat buelta eman jakitea, ezta?
Bai. Entseguetan ez nuen oso argi zenbat buelta emango nituen, aurrena kutxarekin bueltak nola ematen nituen ikusi nahi nuelako. Zenbaki kopuru jakin bat egin nahi izan dezakezu, baina ez baduzu horiek gauzatzeko gaitasuna… ezinezkoa da. Entseguetan ehun buelta emateko helburua jarri nion nire buruari eta kopuru hori egiten ari nintzela ikusita 117 buelta egiteko gai nintzela ikusi nuen. Nire familiak, noski, ez zekien ezer. Ehun buelta emango nituela uste zuten.
Youtuben dagoen bideoa ikusten baduzu 101. buelta eman nuenean arkuan zeuden guztien harridura aurpegia ikus daiteke. Ez zuten espero. Nire gurasoek Norbertori seinaleak egin zizkioten esanez bezala: “Ez dakigu zergatik ari den buelta gehiago ematen”. Normalean hamar buelta ematen dituzun aldiro txalotzen zaituzte. 110 buelta eman nituenean ni neu hasi nintzen zenbakiak kontatzen. Nire familiako kideak begiratzen nituen bakoitzean esaten nien: “Bat, bi, hiru…”. Orduan jakin zuten bukatzear nengoela.
Beraz, azken sorpresa hori berezia izan zen zure familiarentzat. Zuretzat zein momentu izan zen bereziena?
Ez dut momentu zehatzik. Prozesu guztian zehar babestu eta nire alboan egon diren pertsona guztiekin geratzen naiz, albistea eman zidatenetik azken egunera arte. Mezuak, lore sortak, opariak… hain berezi eta hain maitatua sentitu nintzen… Horrekin guztiarekin geratzen naiz.