Solas Jolasen bigarren txanda, hastear
Lehenbiziko txandan 500 haurrek hartu dute parte, eta abuztuan 76 haur izango dira.
Lehenengo Solas Jolas udalekuen txanda bukatzear denez, bigarren txandaren aurkezpena egin du gaur Dunboa ikastetxearen atarian Jon Ugarte Hezkuntza ordezkariak. Abuztuaren 1etik 30era izango da bigarren deialdia.
Uztaileko txandaren errepasoa egin dute lehenik. Jarduera guztiak “euskara ikasteko eta erabiltzeko motibazio tresna” izan direla azaldu du Ugartek eta Ni eta Gu kontzeptuetan oinarritutako programazioa dela baietsi du.
Uztailean zehar hainbat irteera egin dituztela oroitu du ordezkariak: eskalada saioa, Hernaniko igerilekuetara txangoa, hondartzan bainua, San Markos mendian ibilaldia eta Albaola Itsas Kultur Faktoriara bisita.
Guztira, 41 taldetan egon dira banatuta, eta hilabetea bukatzeko, festa handi bat egingo dute parte hartu duten 500 haurrek eta 70 begiraleek.
Ondoren, abuztuko Solas Jolaseko lekukoa 76 haurrek hartuko dute, eta uztailekoen antzera, Ikusi Makusi, zer ikusi? gaia jorratzen arituko dira. Gainera, lehen txandakoek bezainbeste irteera egingo dituzte.