Mimoz prestaturiko marmitako kazola goxoenak saria izan du
Zumardikoak Elkarteak antolatutako II. Marmitako lehiaketan hamazazpi lehiakidek parte hartu zuten. Goiz berean Elikgaien bankuarentzako 852 euro bildu zituzten.
Santiago egunean hegaluzea izan zen goizeko protagonista. Damarri plazan bildu ziren Zumardikoak Elkarteak antolatutako II. Marmitako lehiaketan parte hartu zuten hamazazpi lehiakideak eta goizeko 10:00etan piztu zituzten su guztiak.
Bi orduz marmitakoak prestatzen ibili ondoren, epaimahaiak kazolak banan banan dastatu zituen eta bakoitzak dagokion puntuaketa egin ondoren, sariak banatu zituzten. Joakin Arzadun Lezoko Ixkulin Elkarteko kidea izendatu zuten garaile. Bigarren postua Beti Lagunak taldeko Jose Barreirori egokitu zitzaion, eta podiumaren azken koska Andoni Larrak eta Eduardo Larruskainek osatu zuten. Epaimahaia Ramon Rotetak, Amaia Urdangarinek, Hilario Martinezek, Mertxe Larrartek, Olga Kanpandegik eta Ines Susperregik osatu zuten.
Goizean zehar, gainera, taberna moduko bat ezarri zuten plazan bertan, eta pintxopotea eskaintzeko beharrezko guztia prestatu zuten, marmitakoa barne. Bildutako diru guztia, 852 euro, Elikagaien Bankuari bideratu diote.
Zumardikoak elkartetik eskerrak eman dizkiete lehiaketan parte hartu duten guztiei, babesleei, eta noski, edizio honetako epaimahaia osatu dutenei ere.