Larrialdietarako Udal Plana aktibatu du Irungo Udalak
Gaur eta bihar (hilak 30) alerta laranja aktibatuta egongo da. Hainbat gomendio eman dituzte beroaldiari aurre egiteko.
Alerta laranja aktibatuta dago gaurtik bihar arte, tenperatura altuak aurreikusita daudelako. Muturreko tenperatura altuengatik ezarritako alerta laranja 13:00etatik 20:00etara egongo da, eta tarte horretan termometroa 34 gradura igotzea espero da, eta 16:00etatik 17:00etara 36 gradukoa.
Hilaren 30ean, berriz, ia 24 orduz egongo da muturreko tenperaturaren alerta laranja martxan. Zehazki, 00:00etatik 23:59etara, bataz beste 26 graduko tenperatura izango da. Puntu gorenena 33 gradukoa izango da, arratsaldeko 16:00etan.
Egoera honen aurrean, debekatuta dago barbakoak piztea Aiako Harrian, eta Soroetan egingo direnak zaintzapean egingo direla aurreratu dute. Horrez gain, aterpe klimatikoak daudela gogoratu du udalak eta horiek kontsultatzeko mapa esteka honetan topa daiteke.
Bestalde, bero estualdi honi aurre egiteko hainbat gomendio eman ditu Euskalmetek:
- Ondo hidratatzea ura eta likidoak maiz edaten.
- Jaki arinak jatea: entsaladak, gazpatxoa, barazkiak eta frutak.
- Arropa arina eta transpiratzen duena erabiltzea.
- Tenperatura altuenen momentuetan, jarduera fisikoa ekiditea.
- Kalera irtetekotan burua estaltzea eta itzala bilatzea.
- Etxea fresko edukitzeko, jaitsi pertsianak eta itxi leihoak beroa egiten duen orduetan.
- Bero handia sentitzekotan, gorputza, aurpegia eta eskuak freskatzea.
- Botikak toki freskoan edukitzea.
- Arreta berezia eskaintzea haurrei, adingabeei, adinekoei, haurdun dauden emakumeei, bularreko haurrei eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei.
- Adineko pertsonak badituzu, bisitatu, batez ere bakarrik bizi badira.
- Ez utzi inoiz pertsona edo animalia bat aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, itzalean egon arren.
- Sintomek ordubete baino gehiago irauten badute eta beroari lotuta badaude, bilatu osasun arreta eta egon leku fresko batean.
- Norbait konorterik gabe badago eta botaka egiten badu, burua albo btaera makurtu eta arnasbideak libre eduki.