Inoiz baino BATeko atleta gehiago Espainiako Txapelketan
Munduko txapelketara sailkatu dira, gainera, Joaquin Alonso eta Arwen Martinez. BATek zortzigarren postuan bukatu du taldeen sailkapenean.
Asteburu honetan jokatu da Espainiako Txapelketa 20 urtez azpikoen artean, Castellon. BATen historiako ordezkaritza handiena izan da bertan, guztira 13 izan baitira, eta etxera itzuli dira urrezko domina batekin, zilarrezko birekin eta brontzezko batekin. Gainera, bi atleta munduko 20 urtez azpiko txapelketarako sailkatu dira. Perun jokatuko da.
Bestalde, txapelketa honetan BATek zortzigarren postuan bukatu zuen taldeen arteko sailkapenean, 33 punturekin.
Joaquin Alonsok urrezko domina jantzi zuen 400 metro hesietan. Faboritoa zen finala irabaztekoa eta 51,39 segundorekin berretsi zituen usteak. Denboraldia ezin hobe bukatu du eta Perun jokatuko den 20 urtez azpiko mundialean egongo da.
Arwen Martinezek distira egin zuen ere. Zilarrezkoa jantzi zuen 100 metrotan lasterka egin eta gero eta bere azken emaitza 11,68 segundokoa izan zen. Aurreko hiru emaitzak hobetzea lortu zuen Martinezek, eta mundialean arituko da ere.
Laia Olaskoagak zilarrezko domina jantzi zuen ere baina 200 metrotan. Azken emaitza 24,43 segundokoa zizan zen eta bere aurreko beste bi emaitzak hobetzea lortu zuen ere Olaskoagak. “Bere txapelketa hoberena egin du hala egin behar zuen zitan” nabarmendu du BATek.
Alejandro Esteban xabalinarekin aritu zen eta brontzezko domina irabazi zuen. Ikaragarria izan zen lehia, lehenengo eta hirugarren postuaren arteko aldea 70 zentimetrotakoa izan baitzen. Estebanen jaurtiketa hoberena 64,39 metrokoa izan zen.
Ander Aramendi 3.000 metroko proban aritu zen, eta atletak ez ezik, beroa ere izan zen protagonistetako bat. Aramendik aurreko taldearen erritmoari eustea lortu zuen eta seigarren bukatu zuen azkenean. Bere marka, 8:44,64 minutukoa izan zen.
Aritz Zuazo zazpigarren sailkatu zen altuera jauziaren proban. Zuazo oso gertu egon zen 2,01 metroko jauzia gainditzekoa, baina, azkenean, 1,98 metroko jauzia izan zen egin zuen hoberena.
Martina Villar hamargarren sailkatu zen 200 metrotan. Sailkapen probetan hirugarren izatera iritsi zen, 25,30 segundorekin eta finalaren atarian egon zen 25,26 segundoko markarekin. Denboraldi handia egin du Villarrek, “asko esan nahi du finaletik 3 ehunenera geratu izana.
Luken Aizpuruak maila altuko luzera proban hartu zuen parte. Bere jauzirik hoberena 6,77 metrokoa izan zen eta hamargarren postuan bukatzeko balio izan zion.
Unax Erasok 49,24 metro bota zuen mailua eta hamargarren postuan bukatu zuen. Ez zuen bere markarik hoberena egiterik lortu, baina Espainiako hoberenen artean segitzen du egoten.
Eider Alzaga 100 metro hesietan aritu zen lasterka eta hamabigarren postua bereganatu zuen 15,50 segundoko denborarekin. Ondoko kaleko atleta erori egin zen eta azken hesian eragina izan zuen. Horregatik, Alzagak marka hobetzeko aukera galdu zuela azaldu du BATek.
Mikel Aramendik hamahirugarren postuan bukatu zuen 3.000 metro oztopoetan. Izugarrizko beroari ere aurre egin behar izan zion eta 9:29,16 minutuarekin munduko txapelketatik gertu egotea lortu zuen Aramendik.
Ander Aristi 400 metro hesiak proban lehiatu zen. Finalerdietan zazpigarren postuan bukatu zuen 1:00,60 minuturekin. Gainera, Aristik mina zeukan probarekin hasi aurretik eta horrek ez zion bat ere lagundu lasterraldia gozatzen.
Azkenik, Beñat Mikelarenak erretiratu egin behar izan zuen lesio iskiotibialetako minagatik. Berotzen ari zela nabaritu zuen mina eta lesioa ez handitzeko, ez parte hartzea erabaki zuen. Klubak babes osoa adierazi dio Mikelarenari.