Ohorezko txandatik kanpo geratu da Hondarribia
Donostiarrek sailkapen orokorrean aurre hartu diete Hondarribiarrei. Emakumeetan, berriz, Hondarribiak goranzko joera berretsi du, eta B ontziko gizonezkoek sailkapenean postu bat egin dute gora.
Uztaileko azken asteburuan gorabehera asko utzi ditu arraunak. Eusko Label eta Euskotren ligen bederatzi eta hamargarren jardunaldiak jokatu dituzte eta bi ligetan mugimendu handia izan da. Irabazleen aldetik ez, horretan sorpresa gutxi izan zen Urdaibaik eta Arraun Lagunak-ek irabazi zituzten bi jardunaldiak, baina bai gainontzeko ontzien aldetik.
Larunbatean Getxon izan ziren arraunlariak. Gizonezkoen kasuan ohorezko txandan aritu ziren. Lehen ziabogarako jada laugarrenak ziren eta bigarren txandarekin alderatuz, Donostiarrak segundo bateko abantaila zuen. Momentu horretatik aurrera, ordea, asko sufritu zuten berdeek. Segundoak galtzen joan ziren eta azken luzean Getariak ere gainditu zituen. Seigarren bukatu zuten estropada 20:22,68ko denborarekin. Ikus emaitzak.
Hurrengo egunean, Lekeitioko uretan, bigarren txandan irten ziren eta lan txukuna egin zuten arren denbora ez zen Urdaibai (20:32,85) eta Donostiarra (20:49,91) garaitzeko nahikoa izan, bai ordea ohorezko txandako Zierbena (21:07,61) eta Orio (21:12,73) gainditzeko hainakoa. Orotara hirugarren sailkatu ziren. Ikus emaitzak.
Asteburua garrantzitsua zen Hondarribiarrentzat; izan ere, Donostiarrarekin lehia estua zuten sailkapen orokorrari begira, sailkapen horren baitan erabakitzen direlako larunbateko txandak. Asteburu honen aurretik puntu bakar batera ziren sailkapenean, Hondarribiarrak aurretik. Getxoko estropadaren ondoren, ordea, berdeen aurretik jartzea lortu zuten hiriburukoek, puntu bakarrera. Lekeitioko estropadaren ondoren bi puntura igo zen tartea. Datorren asteburuan, beraz, bigarren txandatik lehiatuko dira etxekoak. Dena dela, borrokarako prest daudela erakutsi dute asteburuan.
Emakumeak
Emakumeek aldiz, goranzko joera berretsi dute eta oso lehiakor agertu dira asteburu honetako bi jardunaldietan. Larunbatean laugarren sailkatu ziren Getxoko uretan eta igandean ohorezko txandan aritu ziren. Donostiarra, Orio eta Arraun Lagunak izan zituzten aurkari zuzen. Tolosaldea, berriz, lehenengo txandan aritu zen. Ligako onenei hortzak erakutsi zizkieten berdeek. Lehen luze bikaina egin zuten eta ziabogan Arraun Lagunak ontzitik bi segundora bestetik ez ziren. Azkenean baina, bosgarrenak izan ziren, Orioko trainerutik hiru segundora. Tolosaldeak ere estropada bikaina egin zuen. Bigarren sailkatu zen Arraun Lagunak-etik, liderretik, lau segundora. Ikus larunbateko emaitzak. Ikus igandeko emaitzak.
Hondarribia B
Asteburu honetan bi estropada izan dituzte KAE1 Ligako ontziek. Larunbatean Santurtzin jokatu zuten estropada. Bertan, Ama Guadalupekoa 10. sailkatu zen. Hurrengo egunean, ordea, sentsazio hobeak izan zituzten Gonzalo Carrionek gidatutako mutilek eta aurreko eguneko emaitza hobetzea lortu zuten. Orotara 7. izan ziren Gorlizen.
Sailkapen orokorrean postu bat egin dute gora. Zortzigarren postuan kokatu dira une honetan, Camargo ontzitik puntu bakarrera. Ikus behin beineko sailkapena.