Hirugarrenez, Irunen jokatuko da Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa
Abuztuaren 4an egingo da eta Euskal Jiraren programazioaren parte da. Txapelketa nagusiaz gain, lau erakustaldi egingo dituzte ere.
Igande honetan (abuztuak 4), Gizonen Gipuzkoako Pentatloi Txapelketa egingo da eta horren aurkezpena egin dute gaur Urdanibia plazan Borja Olazabal Kirol ordezkariak eta Ainhoa Etxabe, Herri Kirolen Gipuzkoar Federazioko presidenteak.
Euskal Jiraren programazioaren parte da igandeko kirol espektakulua eta 11:30etan hasiko da, Urdanibia plazan bertan. Hirugarren urtez segidan egingo den jaialdia da pentatloiarena eta Olazabalen arabera, hrri kirolak “sendotzen” ari direnaren seinalea da hau. Herritarrek erantzuten kirolak direla ere gaineratu du.
Izan ere, pentatloia bost probek osatzen dute eta parte hartzaile bakoitzak jarraian egin behar ditu. Proba bakoitza amaitu arte ezingo dute aurrera egin, eta garaile izendatuko da ziklo osoa denborarik laburrenenean egiten duena. Aurten lehian arituko dira Xabier Zaldua, Andoni Iruretagoiena eta Xabat Olaizola.
Proba bakoitzean egin beharrekoa honako hau da:
- Harri jasotzea: 20 jasoaldi 100 kiloko harri biribilari.
- Giza proba: 2 plaza 400 kiloko harria arrastean.
- Aizkora: 45 ontzako bi enbor eta 50 ontzako enbor bat.
- Txingak: 4 plaza 50 kiloko txingak eramanez.
- Korrika: 2 kilometro.
Txapelketa nagusiaz gain, emakumezko eta gizonezko lau gazteren erakustaldi bana egingo dute bukaeran. Emakumeek eta gizonek ez dituzte gutxieneko berdinak bete beharko. Emakumeetan, Amalur Arbelaitz eta Uxue Ansorregi arituko dira erakustaldia eta honako proba hauek egin beharko dituzte:
- Harri jasotzea: 10 jasoaldi 55 kiloko harri biribilari.
- Giza proba: plaza bat 250 kiloko harria arrastean.
- Aizkora: 45 ontzako enbor bat.
- Txingak: 4 plaza 25 kiloko txingak eramanez.
- Korrika: kilometro bat.
Gizonezkoen kasuan, Jakes Iruretagoiena eta Jon Zaldua arituko dira eta honako proba hauek bete beharko dituzte:
- Harri jasotzea: 20 jasoaldi 63 kiloko harri biribilari.
- Giza proba: plaza bat 250 kiloko harria arrastean.
- Aizkora: 45 ontzako bi enbor.
- Txingak: 4 plaza 50 kiloko txingak eramanez.
- Korrika: kilometro bat.
Probek iraun bitartean trafikoa etengo dute Urdanibia plazan eta Korrokoitz karrikan, 09:00etatik 14:30era biartean. Dena den, Santa Elena karrikatik Larreaundi aldera zirkulatu ahalko da.