Eskifaia abesbatzaren udako kontzertua, bihar
Urtero bezala Alde Zaharreko Baluartean izango da abesbatzaren udako hitzordua. Gaueko 22:00etan hasiko da eta Eskifaia Txiki eta Xatz Eskifaia batuko zaizkio Eskifaia abesbatzari.
Eskifaia abesbatzaren urteko hitzordurik garrantzitsuenetako bat izango da bihar gauekoa, Eskifaia Txiki, Xatz Eskifaia eta Eskifaia Abesbatza arituko baitira bertan.
Urtero bezala Alde Zaharreko Baluartean izango da kontzertua eta gaueko 22:00etan hasiko da. Eskifaia Txikik hasiko du emanaldia eta honako errepertorio hau abestuko du: E Malama, You Raise Me Up, Kuwa Furaha, Erre zenituzten, Wau Bulan, Oye eta The Never Ending Story.
Ondoren, Xatz eskifaiak hartuko dio lekukoa eta honakoa kantatuko dute: Jambo, Negrito trasnochador, African Lullaby, Mi abuela bailó la Zamba, La cucaracha eta Maquerule. Perkusioan Jaime Atristan arituko da eta Amaia Aldalur izango da zuzendaria.
Azkenik, Eskifaia Abesbatzaren txanda izango da: Luis Gaiztoa, Neure senar tontozko, Konbeni diran bertso berriak, Roxali, Indodana, My Lord what a morning eta Chan chan abestiak kantatuko dituzte. Kasu honetan, Gorka Aierbe arituko da zuzendari lanak egiten eta alboan izango ditu Jaime Atristan (perkusioa) eta Amaia Aldalur (piano jotzailea).