Hasi da Hondarribiko Grand Slama
Iban Etcheberryk eta Theo Labordek Grand Slamean jokatzeko sailkapen partida jokatu zuten hilaren 19an. Ostiral honetan B taldeko bikoteen arteko partida jokatuko da.
Hilaren 19an Grand Slamaren seigarren bikotea izateko sailkapen partida jokatu zen. Etcheberry-Labordek Laloo-Zugaitzen aurka jokatu zuten. Biek ala biek Grand Slameko A taldean sartzea zuten helburu.
Partida oso estu joan zen. Hasiera batean Laloo-Zugaitzek (urdina) osatutako bikoteak aurrea hartu zuen (14-15), baina hurrengo set-ean Etcheberry-Labordek (gorria) partida berdintzea lortu zuten (15-10). Berdinketa hausteko 5 puntutara jokatu zuten hurrengo set-a. Azken puntuak talde gorriaren aldekoak izan ziren, eta beraz, datorren abuztuaren 16an, Basterra-Ekhi bikotearen kontra jokatzeko txartela eskuratu dute.
Asteburu honetan, berriz, B taldeko Urrutia-Oyhenard-ek Bixente-Atain-en kontrako partida jokatuko dute 20:00etatik aurrera. Laurek Miamiko Dania pilotalekuan jokatu zuten iragan denboraldian. Partida horren aurretik Hondarribia Pilota Eskolako gazteek partida jokatuko dute: Kanpandegui-Emparan vs Sandoval-Goikoetxea.
Sarrerak Jai Aliven webgunean, Arma Plazan, Hendaiako Turismo bulegoan edo Jostaldi Pilotalekuan bertan eros daitezke 10 euroan.