Fenomena Festibalaren bederatzigarren edizioa urriaren 12an izango da
Aratsaldeko 17:00etan Anarik zabalduko du Kirol kaian kokatzen den jaialdia. Sarrera doakoa da.
Urriaren 12an hitzordu berezia dute undrerground musikaren zaleek. Bederatzigarrenez bueltan izango da Fenomena Festibala. Iragan astean argitaratu zuten kartela eta indartsu datorrela jakinarazi zuten Fenomena elkarteko kideek.
Anari eta Bad Dreems izango dira aurtengo jaialdiaren kartelburua. Bata euskalduna, bestea australiarra. Eta horiei Perro talde murtziarra, Parquesvr eta Grande Amore elektro punk taldeak jarraituko diete. Beraz, aurtengo festibala zerbait bada, anitza dela esan daiteke. Lau hizkuntzetako kontzertuak izango dira entzungai: euskara, galiziera, ingelesa eta gaztelania.
Urtero bezala Kirol Kaian kokatuko dute oholtza eta arratsaldeko 17:00etan Anarik zabalduko du jaialdia. Hasiera batean, Bad Dreams banda australiarrak hartuko dio lekukoa. Segidan Perro, Parquesvr eta Grande Amorek joko dute. Sarrera doakoa da.
Festibalak Hondarribiko Udalaren laguntza du, eta herriko denda eta establezimendu txikiek babesten dute. Egunean bertan, gainera, berrogeita hamar bolondresen laguntza izaten dute.