Gipuzkoako Hitza-n argitaratutako artikulua
Ameriketako Estatu Batuetako Oregon estatura joan behar da Pasaian dagoen AZTI zentro teknologikoaren azken berriak jakiteko. Han hasi ziren bideometria bidez kostaldeko informazioa jasotzen, 1980ko hamarkadan. Informazio hori baliagarri izan zaie hango erakundeei, hondartzen kudeaketa hobetzeko. Hegaldi bidezko kamerak erabiltzen ziren ordura arte itsasertzari buruzko informazioa lortzeko, eta bideometriak aurrerapen nabaria ekarri zuen itsas zientzien ikerketara eta kostaldeari buruzko jakintzara. Hamazazpi urte pasatu dira AZTIk lehen instalazioa jarri zuenetik, eta egun 27 ditu jarriak Euskal Herriko kostalde osoan.
AZTIk 2007an ekarri zuen euskal kostaldera bideometria sistema: Urdaibaiko biosferara, hain zuzen ere, eta Kostasystem izena jarri zioten proiektuari. Paueko (Okzitania) eta Aturriko Unibertsitatearekin eta SUEZen Rivages ProTech zentroarekin elkarlanean sortu zuten. Kostasystem bideometrian oinarritzen den sistema bat da; hau da, itsasoaren egoera erreala irudikatzeko ekuazioak irudikatzen ditu, eguzki panelez elikatutako bideokamerak eta adimen artifizialeko algoritmoak konbinatuz.
Hamazazpi urte igaro dira lehen instalaziotik, eta Euskal Herriko kostaldean beste 26 estazio daude gaur egun. Irati Epelde AZTIko itsas teknikariak azaldu du lehendabiziko kamera horiek bertako elementu morfologikoak aztertzeko jarri zituztela. Hastapenean, Europa mailako proiektu bat zen, eta Mundakako (Bizkaia) olatuen indarra edota Laida hondartzaren (Bizkaia) hondarrik gabe geratzeko joera aztertu zituzten. Orain, berriz, etorkizuneko arrisku klimatikoei aurre egitea ere badu xede euskal kostaldeko bideometria sistemak.
«Topografia edo beste tresna tradizional batzuk baino eraginkorragoa eta merkeagoa da»
IRATI EPELDE AZTIko itsas teknikaria
Epeldek esan du kamera sare horrek ematen duen informazioarekin erakundeek gaitasun handiagoa dutela kostaldeko politiketan erabakiak hartzeko. «Topografia edo beste tresna tradizional batzuk baino eraginkorragoa eta merkeagoa da». Bizkaian bi estazio instalatu ondotik, Zarautzen jarri zuten hurrena, 2010ean, udalaren finantzaketaren laguntzaz. Estazio horren asmoa ere bazen itsas lerroaren morfologia aztertzea, baina Zarauzko Udala ohartu zen udako denboraldia aztertzeko ere izan zitekeela baliagarria.
Biometria kamera bat Orioko hondartzan.
Ikerketarako soilik ez
Epeldek esan du «helburu bikoitza» dutela bideometria kamerek. Sistemak informazio andana biltzeko gaitasuna du, eta olatuen inpaktua eta eragina neurtzen du portuetan zein kostaldeko beste azpiegitura batzuetan, hala nola kostaldeko pasealekuetan. Gainera, kostaldean jasotako itsasoko zaborraren dinamika ere monitorizatzen dute kamerek. Zaborrak itsasertzetan eragiten duen efektuei buruzko ondorioak aztertzen dituzte ondoren.
AZTIko itsas teknikariaren hitzetan, plastiko asko dago itsasoan, eta gizartea «geroz eta kontzientziatuago» dago horren inguruan. Halere, Epeldek uste du ez dagoela daturik erakusten duenik zenbat zabor dagoen itsasoan. «Kopurua handia dela aurreikus daiteke, eta plastiko gehien ibaietatik datorrela esaten da. Baina euriteen ondoren edota euriteak izan bitartean, mugitzen al da zaborra?». Klima aldaketari begirako adierazleak jasotzen hasi direla ere nabarmendu du AZTIko kideak, eta «datu base historiko» bat sortu dute informazio hori guztia biltzeko.
Sarearen garapenari bultzada bat ematea erabaki zuen AZTIk hura sortu eta bost urtera. Era horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak sorosleentzako aplikazio bat sortu zuen 2013an, itsas korronte arriskutsuen berri izan dezaten edota etorkizuneko korronteen gorabeherak jakin ditzaten. Dena den, Gipuzkoako Foru Aldundia da sistema hori erabiltzen ari dena egun, eta Bizkaian aplikazioa «mantendu bakarrik» egiten dutela jakinarazi du Epeldek. Aurten, Kanaria uharteetako Las Palmasko Canteras, Laja eta Alcaravaneras hondartzetara (Espainia) ailegatu da aplikazioa.
Gainera, pandemia garaian sortutako Nik hondartza aplikazioan aukera dago denbora errealean bideometriak ematen dituen irudi errealak ikusteko, jende dentsitatearen informazioa barne. Urteko txostenak egin ditzakete aldi berean, ohiko portaerak jasota, eta gehien erabiltzen diren guneei buruzko ondorioak ateratzen dituzte gero. Ikerlariek ez ezik, herritarrek ere eduki dezakete aplikazioa, eta, hondartzetan zenbat jende dagoen ikusteaz gain, hondartzaren morfologia —itsasgoraren eta itsasbeheraren eragina— zein den jakiteko aukera eskaintzen du.
Bainua hartzea segurua ote den jakiteko adierazleak ere sakelako telefonoan kontsulta dezakete gipuzkoarrek, baina soilik «korronte arriskutsuak» dituzten hondartzetan: Zarautzen, Itzurunen (Zumaia), Zurriolan (Donostia), Deban eta Gaztetapen (Getaria). Ikerketarako sortu zen sarea, beraz, herritarren egunerokora egokitu dute.