Urrezko intsigniaren onuraduna hautatzeko prozesua, martxan
Bigarren urtez jarraian herritarrek hautatuko dute Hondarribiko Urrezko Intsigniaren onuraduna. Gaur zabaldu dute hautagaiak proposatzeko tartea eta astelehenean itxiko da epea.
Hiriaren jardunean aktiboki eta nabarmen jardun duten pertsona edo entitate juridikoei banatzen zaie Hondarribiko Urrezko Intsignia, eta bigarrenez jarraian, herritarrek izango dute onuraduna hautatzeko ardura.
Igor Enparan alkateak adierazi duenez garrantzitsua da herriarentzat esanguratsuak diren hainbat ekimenetan herritarrek erabakitzeko gaitasuna izatea. Aukera horrek “herriaren ahalduntzea” ahalbidetzen duelako. Iaz, prozesua, “modu azkarrean” antolatu zutela aitortu duen arren, 1200 pertsonatik gorak parte hartu zuten fase ezberdinetan. Horrek, herritarrek halako ekimenetan parte hartzeko nahia dutela adierazten duela esan du.
Prozesuak hiru fase izango ditu eta gaur abiatu da lehena. Gaurtik datorren astelehenera arte (hilak 22tik 29ra) izango dute herritarrek hautagaiak proposatzeko tartea. Ondoren, bozeramaile batzordeak aurkezten diren hautagai guztien artean hiru aukeratuko dituzte (hilaren 30etik abuztuaren 6ra bitartean). Eta azkenik, Abuztuaren 7tik 21era arte herritarrei begirako partaidetza zabalduko dute berriz. Kasu honetan, behin betiko onuraduna bozkatuko dute.
Bi modutara parte hartu daiteke: internet edo BAZ bidez (astelehenetik ostiralera 08:00etatik 14:00etara). 16 urtetik gorakoek soilik parte hartu dezakete. Oinarriak Hondarribiko Udaleko webgunean daude eskuragarri, ‘Partaidetza’ atalean.
Abuztuaren 26an jakinaraziko du 2024ko Urrezko Intsigniaren onuraduna nor izango den.