Uhinak kongresua urriaren 23an eta 24an izango da
Ozeanoen aurrekaririk gabeko eraldaketa azkarraren eta itsasertzean duen eraginaren erronkari helduko diote. Izena eman daiteke jada.
Uhinak Klima Aldaketari eta Itsasertzari buruzko kongresua da, eta Ficobak eta AZTI zentro teknologikoak antolatzen dute beste hainbat erakunderen laguntzarekin, hala nola, Eusko Jaurlaritzarena eta Euskal Hirigune Elkargoarena.
Aurten, seigarren edizioa egingo da urriaren 23an eta 24an eta ozeanoen aurrekaririk gabeko eraldaketa azkarraren eta itsasertzean duen eraginaren erronkari helduko diote. Horretarako, ikuspegi lokala zein mundu mailakoa emango diete hitzaldiei. Esate baterako, Ipar Atlantikoko korrontearen mantsotzeaz arituko dira.
Uhinak kongresuak “garrantzia berezia” duela azaldu dute antolatzaileek, kongresuekin hasi zirenetik ez duelako ematen egoera asko onbideratu denik ozeanoen aldaketak. “Arazoak ezagutu behar ditugu, balizko konponbideak definitu behar ditugu, eta martxan jarri” azaldu dute.
Programa
Uda ondoren aurkeztuko dute kongresuaren programa osoa, baina dagoeneko konfirmazio batzuen berri eman dute. Horien artean, nazioartean itzal handia duten bi aditu hautatu dituzte kongresuaren bi jardunaldiei hasiera emateko.
Peter Ditlevsen Kopenhageko Unibertsitateko Niels Bohr Institutuko katedraduna arduratuko da lehen jardunaldia inauguratzeaz. Hasierako ponentzian, Atlantikoko hegoaldeko itzulerako zirkulazioaren balizko kolapsoari buruz hitz egingo du. AMOC siglaz ere ezaguna den korronte horrek berebiziko rola du munduko klima sisteman.
Bigarren eguna irekitzeaz Marta Coll arduratuko da, Itsas Zientzian Institutuko zuzendariordea. Aurkezpen honetan, klima aldaketak itsas ekosistemenetan eragin dituen inpaktuak izango ditu hizpide, baita ere funtsezko baliabide horiek mantentzeko abian jarri beharreko arintze estrategiak ere.
Lau bloke izango ditu aurtengo kongresuak. Lehena, planetako atzera bueltarik gabeko puntuen blokea; bigarrena, muturreko gertakariak eta egokitzeko neurriak; hirugarrena, kostan eta ozeanoan klima aldaketa arintzeko neurriak; eta laugarrena, gobernantza kudeaketa tresnak eta komunikazioa.
Programazioa osorik finduta ez dagoen arren, dagoeneko izena eman daiteke kongresuaren webgunean. Irailaren 30a baino lehen inskribatzen direnek tarifa berezia izango dute. Izen ematean barna hartzen ditu hitzaldiak, kongresuko dokumentazioa jasotzea, erakusketa eremuko sarrera, kafea hartzeko atsedenaldia, hamaiketakoa eta bertaratze agiria.