"Konposizioarekin musikari lotuta jarraituko dut"
Unibertsitate garaian eman zituen lehen pausoak abesbatzen zuzendari gisa. Heziketa autodidaktari esker «gauza izugarriak» lortu ditu. Azken kontzertua ekainaren 15ean zuzendu zuen.
Berrogeita hamahiru urteren ondoren amaitutzat eman du Javier Bustok abesbatzen zuzendari gisa aritzeko etapa. Erabakia hartzea erraza izan dela aitortu du. Hala ere, musikari lotuta jarraituko du hondarribiarrak: kantuak konposatzen. Izan duen ibilbidearekin asebeteta, zuzentzeaz gehien gustatu zaiona taldeak dinamizatzea eta denek helburu berengatik borrokatzea izan dela kontatu du.
Ekainaren 15ean zuzendu zenuen zure azken kontzertua. Nolakoa izan zen agurra?
Hunkigarria izan zen. 130-140 kantari inguru bildu ginen. Ez dago batere gaizki! Horien erdia, gutxi gorabehera, Valladoliden (Gaztela Leon, Espainia) nengoenean bost urtez zuzendu nuen euskal ikasleen abesbatzako [Ederki abesbatza] kideak ziren. Asko eta asko 47 urtez ikusi gabe nituen. Espainiako toki guztietako jendea etorri zen, baita Estatu Batuetatik ere. Abestera etorri zen jende hori guztia ikustea izugarria izan zen, eta oso hunkigarria. Eskifaia abesbatzako berrogeita hamar abeslari inguru etorri ziren, eta Kanta Cantemus zein utzi berri dudan Aquam Lauda abesbatzako kideak ere bertan izan ziren.
Jende asko da hori. Guztiak sartu al zineten parrokian?
Bai, bai. Oso hunkigarria izan zen, eliza topetaraino beteta zegoen. Urte askoan jarraitu nauen jendea gerturatu zen, batez ere, Hondarribiko jendea. Esango nuke konturatu zirela hemendik aurrera herrian zerbait faltako dela, nahiz eta Eskifaiak bere jarduerekin jarraituko duen. Kontzertuaren bukaeran alkateak honakoa esan zidan: «Eskerrik asko musikagatik, baina batez ere, eskerrik asko hiriaren izena zabaldu izanagatik». Asko emozionatu ninduen. Oso polita da zure alkateak halako zerbait esatea, arima ukitu zidan.
Familian eta lagun artean igaro nuen eguna eta izugarria izan zen, oso egun berezia.
Zaila egin al zitzaizun erabakia hartzea?
Batere ez. Berrogeita hamahiru urte asko dira. Nire emazteak eta biok elkarrekin hartu dugun erabakia da. Biok utzi dugu. Berak ere berrogeita hamahiru urte zeramatzan nirekin batera abesten. Valladoliden ezagutu genuen elkar.
Neke handia nuen jada. Zuzentzea ez da soilik abesbatza baten aurrean jartzea. Zuzentzea programak pentsatzea, ekintzak prestatzea, zer egin dezakegun edo nora joan gaitezkeen pentsatzea ere bada. Hori guztia pisu handia bihurtzen ari zen niretzat. Horrez gain, entzumen arazoak ditut. Batez ere, frekuentzia altuak ongi antzemateko zailtasuna dut. Dena dela, arrazoi nagusia nekea izan dela esango nuke.
Baina musikari lotuta jarraituko duzu, ezta?
Noski. Bizitzan zehar medikuntzaz gain gehien landu dudan alderdia konposizioarena izan da, abesbatzentzako kantuena. Eta hori egiten jarraituko dut, nahi dudan lekuan, nahi dudanean egitea ahalbidetzen didalako. Musikari lotuta jarraituko dut konposizioaren bidez. Gainera, denbora gehiago izango dut musika entzuteko, kontzertuetara joateko eta mugitzeko.
Martxoko Eliz Musika Zikloaren barruan Eskifaia abesbatza zuzentzera gonbidatu zintuzten. Zer sentitu zenuen zuk zeuk sortutako abesbatzaren zuzendaritza hartu zenuenean, hogeita hamar urteren ondoren?
2003an, Eskifaia abesbatzaren 25. urteurrena ospatu zutenean, obra bat edo bi zuzendu nituen. Baina esan dezagun, Eskifaiaren partetik jaso dudan oparirik handiena martxokoa izan zela. Batetik, nik sortutako ziklo batean parte hartzea izugarria izan zen. Eta beste alde batetik, nirekin gogoratu izanak ilusio handia egin zidan. Asko eskertu nuen gonbidapena. Oso interesgarria izan zen eta izugarri gozatu nuen.
Eliz Musika Zikloa zuk zeuk sortu zenuela esan duzu. Zer nolako eboluzioa izan du zikloak?
Izugarrizkoa. Hasiera batean ez genekien zer egingo genuen ere, eta parrokia erabiltzea asko kostatu zitzaigun; Portuko elizarekin eta Kaputxinoetako elizarekin moldatzen ginen. Zikloari dagokionez, hasieran ez genuen oso argi zer egin nahi genuen. Orkestra abesbatzarekin nahasi genuen, adibidez. Nahas-masa izan zen. Gerora, ordea, 1985-1986 urte aldera abesbatzen zikloa egiten hasi ginen, eta lagunak eta abesbatzak kantatzera gonbidatu genituen. Eboluzioa onerako izan dela uste dut. Azken urteetan batez ere zikloa asko landu dutela esango nuke. Oso abesbatza interesgarriak ekarri dituzte, eta guztia, hasierako esentzia mantenduz. Zentzu horretan lan bikaina egin dute.
Valladoliden medikuntza ikasi zenuen eta urte hauetan guztietan harekin uztartu duzu zuzendaritza. Nolatan hasi zinen abesbatzak zuzentzen?
Hasiera arraroa izan zen. Nik ez dut sekula musika ikasi. Ez naiz musika eskola, akademia edo kontserbatorio batera joan. Hori bai, gitarra jotzen nuen. Txomin Artolak eta biok, 14 urterekin, Los Troublers taldea sortu genuen. Rock and rolla jotzen genuen. Niri izugarri gustatzen zitzaidan. Hortik aurrera hasi nintzen informazio musikala jasotzen, baina noski, rockari lotutako informazioa zen. The Beatles edo The Beach Boys apartak ziren.
Ondoren, Valladolidera joan nintzen ikastera. Bertara joan nintzen ez genuelako beste erremediorik. Orduko hartan Euskal Herrian ez zegoelako unibertsitatetik. Gure garaian bi aukera zeuden: Zaragoza edo Valladolid. Bertan, protesta abestiak sortzen jarraitu genuen; garaiko gauza tipikoak. Ez nuen inoiz pentsatu abesbatza bat zuzentzeko aukeran. Ederki abesbatza zuzendari gabe geratu zen, eta hura zuzentzea eskaini zidaten. «Nik ez dakit horren inguruko ezer», erantzun nien. Baina ondo abesten nuela eta belarri ona nuela esanez konbentzitu ninduten. Behin taldean sartuta zuzendaritza lantzen hasi nintzen, eta asko irakatsi zidan jende berria ezagutu nuen arren, finean, autodidakta izan nintzen.
Abesbatza baten aurrean jarri zinen lehen aldia zer nolako esperientzia izan zen?
Oso txarra [barrez]. Estutasuna sentitu nuen. Ahotsetara kantatzen duen abesbatza bat zuzentzeko nolabaiteko entzumen diziplina bat behar da. Hasieran zerbait gertatzen zela konturatzen nintzen: «Hemen badago zerbait ez duena ondo ematen belarrira», esaten nuen, eta norbaitek keinuak eginez ondoko taldetxoa seinalatzen zuen. Orduan ahotsez ahots errepasatzen genuen zatia, eta era horretara ohitzen joan nintzen.
Hasiera ez zen batere erraza izan niretzat. Abesbatzara egokitzea zaila izan zen. 1971ean sartu nintzen Ederkin eta 1974an aurkeztu ginen lehenengo aldiz Tolosako Abesbatza Lehiaketara. Ordurako eroso sentitzen nintzen. Hiru urtez aurkeztu ginen. Guretzat oso potoloa izan zen: lehen urtean azkenak geratu ginen. Bigarrenean hirugarren egin genuen, eta azken urtean laugarren. Seguru sentitzen nintzen eta urte horietan gauza politak egin nitzakeela sentitzen nuen. Momentu politak bizi izan genituen. Oso trinkoa izan zen ere, eta lan handia egin nuen. Partiturak irakurri eta irakurri aritzen nintzen, eta ahalegin handiak egin nituen Ederki abesbatza leku on batera heltzeko. Ekainekoa [agur kontzertua] lan horren guztiaren emaitza izan da.
Valladolideko ikasketak bukatu, eta Hondarribira itzuli zinen. Orduantxe erabaki zenuen Eskifaia abesbatza sortzea.
1978an sortu nuen Eskifaia. Izena arrantzale batek jarri zion; Beñardo Lazkanotegik. Hemengo izen bat jarri nahi genion, eta Beñardok hainbat izen proposatu zituen. Eskifaia izena izugarri gustatu zitzaidan. Frantsesetik dator. Équipage du bateau, ontzi baten tripulazioa esan nahi du. Kontzeptu bezala asko gustatu zitzaidan eta izen horrekin geratu ginen. 115 partaide ginen hasieran. Benta Zaharrean entseatzen genuen, Portuko elizaren atzeko aldean. Oso handia zen. Kofradiak entseatzeko aukera luzatu zigun. Ahotsetara entseatzeko eskailerak erabiltzen genituen eta gerora oholtza batzuk erantsi genituen. 115 kideetatik soilik 15 ziren gizonezkoak.
Zaila izan al zen gizonezkoak abesbatzetara animatzea?
Bai. Herriko gizonezkoek, betidanik, parrokiako abesbatzarekin izan dute lotura. Ez zekiten zer ginen. Agian Eguberrietarako abesbatza izango zela esan zuenik izan zen. Baina ikusi zutenean zerbait serioa egin nahi genuela, orduan hasi ziren gizonezkoak abesbatzara batzen. Jarduera frenetikoa genuen.
Nola gogoratzen dituzu garai haiek?
Zoragarriak izan ziren. Lan asko egin genuen eta taldeak diziplina handia zuen. Beno, badakit oso zorrotza nintzela; askok gogorarazten didate hori. Baina uste dut ez nuela beste aukerarik. Lehen jendeak ez zuen formaziorik, eta beraz, asko ahalegindu behar izan ginen. Programa zoragarriak egin genituen eta obra handiak ere bai. Herri honek inoiz amestu ezin zitzakeen gauzak egin genituen. Adibidez, Mahlerren zortzigarren sinfonia egiteko gai izan ginen. Bi abesbatzentzako idatzita zegoen sinfonia bat zen. Donostiako Orfeoia, Irungo Ametza abesbatza eta guk abestu genuen. Oso musika zaila zen, baina egin genuen.
Asko bidaiatu genuen ere bai, eta lehiaketa askotan parte hartu genuen. Egia esan, izugarrizko arrakasta izan genuen. Alemanian, Austrian, Italian, Frantzian… leku askotan izan ginen.
Zer da zuzentzeaz gehien gustatu zaizuna?
Oraingo begiradarekin erantzungo diot galdera honi. Gehien gustatu zaidana izan da taldeak dinamizatzea eta lortzea jendeak helburu batzuengatik borrokatzea.
Abesbatzak zuzentzeaz gain obra asko idatzi dituzu, eta horietako askok arrakasta internazionala izan dute.
Bostehun obra inguru idatzi ditut. Gehienak abesbatzentzako, bakan batzuk pianorako. Eta egia esan, esperientzia handia izan da niretzat ezer ez jakitetik idaztera igarotzea. Nire lehen obrak Valladoliden idatzi nituen. Ergelak ziren. Nire emazteari eta taldeko zenbait kideri kantatzeko eskatzen nien eta beren iritzia ematen zidaten. Oso txarrak zirela esaten zidaten, ez zitzaizkien batere gustatzen. Gerora gauzak ikasten zoaz eta teknika pertsonala garatzen duzu.
Uste dut gauza izugarriak egin ditudala. 1986an Tolosako lehen saria irabazi nuen. Bazkaltzen ari ginela epaimahaikide bat hurbildu zitzaidan, Daniel Vega, eta esan zidan: «Zorionak. Nabaritzen da ideiarik ez duzula, baina funtzionatzen du». Izugarri gustatu zitzaidan, eta egia zen. Ez nekien zer idazten nuen ere, baina azkenean emaitzak funtzionatzen zuen. Teknika izanda ere funtzionatzen ez duen zerbait idatz dezakezu. Niretzat momentu hori oso garrantzitsua izan zen. Nire lana errekonozitu zuten lehen eguna izan zen.
Asebeteta al zaude izan duzun ibilbidearekin?
Oso-oso asebeteta nago. Berrogeita hamahiru urte asko dira, eta oso trinkoak izan dira gainera. Poz-pozik nago Ederki, Eskifaia, Kanta Cantemus eta Aquam Lauda abesbatzekin bizi izan dudan guztiarekin.
Zure bizitzan asko idatzi duzu. Ba al duzu obra kutunik?
Euskarazko, latinezko eta gaztelaniazko obrak idatzi ditut. Josune Lopezek abesti ugari idatzi zizkidan, guztiak euskaraz, eta nik musikatu egiten nituen. Ametsetan obrak, adibidez, munduan zehar izugarrizko arrakasta izan du. Latinezko obren artean bada bat Hondarribiko parrokiarako idatzi nuena, haurra nintzela hango abesbatzan kantatu nuelako. Ave Maria deitzen da. Duela berrogei urte idatzi nuen, eta duela hamabost urte abestu zuten lehen aldiz. Gaztelaniazko bat esan beharko banu Esta tierra esango nuke. Valladolidi idatzi nion abestia da. Bertako poeta baten poema zoragarri bat hartu eta musika ezarri nion.