Hondarribia Kultura jaialdiarekin gustura da udala
Joan den asteburuan gertuko sortzaileekin egindako Hondarribia Kultura jaialdiarekin egindako apustua egokia izan dela uste du udalak.
Joan den asteburuan, hilaren 12 eta 13aren bitartean, Hondarribia Kultura (HK!) egitasmoaren aurkezpeneko jaialdia izan zen herrian. Bi eguneko topaketa baikor baloratu du udalak Ortzi Alonso Kultura zinegotziaren eskutik: “Gertuko hainbat kultur adierazpen herritarren ikusmiran plazaratu ditugu, jendearekiko hurbiltasuna erdigunean jarriz. Gure eskura dugun sormena eta artea kaleratu nahi izan ditugu, eta begien bistakoa izan da eskaintza honek izan duen harrera ona”.
Alde Zaharrean egin zituzten HK!-ren aurkezpeneko askotariko kultur ekitaldiak. Hala, emanaldientzako agertoki egoki izateaz gainera, herriko ondarea ezagutarazi dela adierazi du Alonsok “ondoaren izia bilakatuz”. Formatu txikiko ikuskizunak jaso ditu joan den asteburuko ekitaldi sortak, baina kalitate handikoak: “Honek balio erantsia eman dio HK!-ren proposamenari”.
Datozen ekitaldiei begira jarri da udala. Hala, egitasmoa indartzeko eta egonkortzeko konpromisoa hartu du. Aldi berean, esker on mezua zabaldu diete parte hartu duten artista denei, antolakuntzan izan den lantalde osoari, “hondarribiarrei, eta bertaratu ziren pertsona guztiei, proiektuari babesa emateagatik eta guztien artean kalitatezko, gertuko eta diziplina anitzeko kultura bultzatzeagatik”.