Higer bidea itxita, hilaren 22an
Aglomeratu lanak egiteko itxiko dute, eta lanekin bukatzerakoan berriro irekiko dute. Abuztuan irekiko dute errepidea erabat.
Higer itsasargira doan errepidea itxiko du Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren hilaren 22an, astelehenean. Aglomeratu lanak egin behar dituzte, martxoko arroka jausiek kaltetutako errepide zatian. Itxialdia lanak iraun bitartean izango da, eta ondoren, errepidea normaltasunez irekiko da.
Galtzada ez da oso zabala, eta, horregatik, beharrezkoa da errepidea ibilgailuen zirkulaziorako ixtea. Seinaleak eta balizak jartzeko gainerako lanak egiteko erreietako bat bakarrik okupatuko dute, eta une oro ibilgailuak txandaka igaro ahal izatea bermatuko dute. Aurreikusi dute errepidea erabat irekitzea abuztuaren hasieran.
Higer itsasargira sartzeko ordezko ibilbide gisa, Pierre Lhande kalea erabiltzea gomendatu dute, Hondarribiko portuan barrena.