Bederatzi haur sahararrei eta harrera familiei ongietorria egin die udalak
Udalean jaso zituzten atzo haurrak eta beraien harrera familiak. Tadamun Elkarteak "hunkituta" bizi zuen harrera.
Atzo arratsaldean, Hondarribiko Udalean izan ziren Saharatik herrira iritsi diren bederatzi haur sahararrak eta beraien harrera familiak, udalak harrera egin baitzien haiek guztiei ekitaldi batekin. Bertan izan ziren ere Igor Enparan alkatea, Garoa Lekuona bigarren alkateordea, Josu Peña Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia eta Trini Fernandez Tadamun Elkarteko ordezkaria.
Saharako haurrek beraien lurretan beraien identitatea ezin dutela bizi oroitu zuen udalak, eta haiek laguntzeko “euskal uholdearen” handitasuna nabarmendu zuen. Haiekin “sentiberak” direla azaldu zuten, eta Sahara herri desplazatua dela azken 40 urteetan adierazi zuten. Esker bereziak eman zizkieten ere harrera familia diren horiei, “haurrentzat oasi hau posible egiten dutelako”.
Udara honetan, haur sahararren hezkuntzan laguntzeko konpromisoa hartu zuten atzoko ekitaldian, eta haiengatik ikasteko prestutasuna ere erakutsi zuten. “Norabide biko ikasbidea eta aberastasuna izatea espero dugu” zehaztu zuten. Azkenik, Tadamun Elkarteko ordezkariak esker onena helarazi zizkion hunkituta udalari, “hau bezalako gauza zirraragarri bat lortu dugulako”.