Behin betiko onartu dute Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana
Uztaileko osoko bilkuran onartu da eta 2028ra arteko iraupena dauka. Horrez gain, kiroldegien ustiapenerako kontratua NEO Instalazioei ematea onartu dute PPren eta PSE-EEren botoekin. Bestalde, Sandra Castelo Franco sozialistak zinegotzi kargua hartu du.
Uztaileko osoko bilkura egin da gaur udalbatzan. Gaurko eztabaida luzeenak bi kiroldegiak kudeatzeko kontratua onartzearena, eta Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planarena (HMJP) izan dira. Biak ala biak onartu egin dira, baina ez babes osoarekin.
Bestalde, eskualdeko ospitaleko unitate bat ixteari buruzko mozioa aurkeztu dute Elkarrekin Irunek, EH Bilduk eta PPk, baina iraileko osoko bilkurara atzeratzea erabaki du alkateak, Osasun Bidasoa plataformako kideak ere bertan egon daitezen.
Saio hasieran, baina, Sandra Castelo Francok (PSE-EE) zinegotzi kargua hartu du, Miguel Angel Paezek aurreko hilabetean karguari uko egin ondoren. Horrez gain, Gorka Alvarez Aranburuk bozeramaile kargua hartu du ofizialki.
Hiri Jasangarrirako Mugikortasun Plana
Bi urtez aritu dira Hiri Jasangarrirako Mugikortasun Plana idazten eta eskerrak eman dizkie horretan aritu diren langile guztiei Borja Olazabal Mugikortasun ordezkariak. Irun hiri hobeagoa, berdeagoa eta garbiagoa egingo duen plana izango dela defendatu du Olazabalek. EAJk, berriz, hamar proposamen eraman ditu HMJPn atxiki daitezen eta udal gobernuak banan-banan erantzun die.
Plana behin betiko onartu da gaurkoan, baina aurrerantzean “lan asko” dagoela egiteke nabarmendu du Olazabalek. Alkatearen arabera, plana onartzea “denaren hasiera” da eta aurretik “hiri gisa ebaluatzeko balioko duten” erronkak datoz.
Kiroldegien kontratua
Orain artean, Artaleku eta Azken Portu udal kiroldegiak BPXport enpresak kudeatu ditu, eta 2027 arte NEO Instalazioak enpresak kudeatzea onartu dute, 923.980,20 eurotan. Errioxako enpresa da eta esleipenera aurkeztu den enpresa bakarra izan da.
Kiroldegietan kalitatezko zerbitzua eskaintzea “udalaren ardura” dela azaldu du Ane Unanue EH Bilduko zinegotziak, eta zalantzan jarri du gaur onartu den kontratuak kalitatea bermatzen duenik, nahiz eta kontratuak legeak ezartzen dituen baldintzak bete.
Zentzu horretan, EH Bilduk salatu du aurkeztu den enpresa bakarra izateaz gain, kaudimen teknikoa bigarren enpresa baten bitartez frogatu behar izan duela: “Zalantzak sortzen zaizkigu aurkeztutako enpresak baliabide tekniko eta ekonomiko nahikoak izango dituen zerbitzu hau kaudimenez eman ahal izateko eta langileen lan baldintzak bermatzeko”.
Horrez gain, Unanuek adierazi du ere kontuan hartu behar dela kiroldegiko langileen lan baldintzen gaineko eztabaida mahai gainean egon dela ere. “Pleguen egokitasunari dagokionez, nahiko esanguratsua da”, erantsi du.
Abstentziora jo dute EAJk eta EH Bilduk; kontra bozkatu du Elkarrekin Irunek, eta alde bozkatu dute PSE-EEk eta PPk.