Txingudi badiako ibilbidearen seinaleak berritu dituzte
Mugaz gaindiko lankidetzarentzat "urrats esanguratsua" da berritze hau. Guztira, 77 seinale berritu dituzte, 14 kilometrotan zehar daudenak.
Txingudiko Mugaz Gaindiko Partzuergoak, Txingudi badiari buelta emanaz egin daitekeen ibilbideko seinaleak berritu ditu. Kartel horietan, informazio interesgarria topa daiteke Hondarribia, Irun eta Hendaiako hirietako baliabide historikoena, naturalena, ingurumenarena eta ondarearena.
Ibilbideak 14 kilometro ditu, eta Hendaiako Abadiaren Gaztelun hasten da eta Hondarribiko Higer itsasargian bukatu. Orotara, 45 gune estrategikotan daude seinale hauek eta 130 da seinale kopurua. Dena den, ez dituzte denak berritu, 77 seinale baizik. Epe laburrean, gainerako seinaleen instalazioa osatu nahi dute, Hendaiako Errepublika plazako lanekin bukatu ondoren.
Berrikuntza bi fasetan egin dute. Lehen fasean, iazko apiriletik uztailera egindakoan, 61 seinale berritu zituzten. Bigarren fasean, berriz, gainontzeko seinaleak berritu, eta proiektua osatzeko seinale zehatz batzuk kokatu dituzte.
Nuria Alzaga, Irungo bigarren alkateordeak adierazi du seinaleak berritzea “mugaz gaindiko lankidetza indartzen duen proiektua” dela. Estitxu Urtizberea, Hondarribiko alkateordeak badia esploratzeko gonbidatu egin du. Itziar Aizpuru Hendaiako Udaleko ordezkaria “harro” agertu da Bidasoaren bi aldetako hirien lankidetza indartu delako proiektuarekin.