Oinezko mugikortasuna sustatzeko, Ttipi-Ttapa
Metrominuto deitzen den teknologia bati esker hiriko zerbitzu eta ekipamenduen arteko distantziak eta denborak identifikatu dituzte.
Hiri barruko desplazamenduak oinez egitea bilatzen duen egitasmoa da Ttipi-Ttapa. Mugikortasun jasangarriaren helburuen barruan kokatzen da eta haren inguruko xehetasunak azaldu zituen atzo Estitxu Urtizberea zinegotziak.
Urtizbereak azaldu zuenez, jabetuta daude herritarren pertzepzioa hiri barneko distantziak handiak direla dela. Eta zentzu batean, ulertzekoa dela aipatu du; “izan ere, egin dugun hiri ereduak ez du horretan laguntzen. Baina datu objektiboetan oinarrituz gero ikusten da distantziak ez direla hain luzeak eta benetan egingarriak direla”.
Metrominuto deitzen den metodologia batean oinarritu dira Ttipi-Ttapa mapa sortzeko. Metro bateko mapa bat irudikatzen du eta boropiltxo bakoitzak Hondarribiko zerbitzu, ekipamendu edo herritarrek asko erabiltzen dituzten eremuak lotzeko beharrezkoa den denbora eta distantzia azaltzen ditu. Gainera, Irungo tren geltokia zein San Juan Plaza ere jasotzen ditu Ttipi-Ttapak. Distantziak koloreen bidez sailkatu dituzte: berdeak distantzia laburrenak dira eta gorriak luzeenak.
Ttipi-Ttapa egitasmoa oso osasungarria dela azaldu du zinegotziak: batetik, osasungarriagoa delako pertsonentzat oinez ibiltzea; bestetik, autoak ez erabiltzea ingurumenarentzako onuragarria delako, “soinua, kutsadura…”; eta azkenik, oinez ibiltzeak sozializatzea errazten duelako. “Oinez goazenean herritarrekin topatzen garelako, hitz egiteko aukera dugulako eta umeek ere jolasteko aukera dutelako”.
Auzo bihotzei dagokienez, egitasmo honek, filosofia horrekin bat egiten duela adierazi du zinegotziak. Mapak hiriko erdigunea zein den argi azaltzen du, aurrerantzean, ordea, udaletik erdigune hori dibertsifikatzen ahaleginduko dira: “Etorkizuneko hiriak zentro anitza behar du eta zentro hauen arteko loturak erosoak eta seguruak eraiki behar ditugu”.
Azkenik, “udan eguraldia alde dugula” ohikotasunean kotxez egiten diren bideak oinez egitera animatu ditu herritarrak.