Kolore Kolore gaueko artisau azoka, hilaren 19an
Zabaltza plazan egingo dute gaueko azoka, bihar (hilak 19). Gainera, Flash Mob bat grabatuko dute Dance Studioko Nuria Santosekin.
Buelta da Kolore Kolore artisau elkarteak antolatutako Kolore Kolore Gauak, gaueko artisau azoka. Zabaltza plazan egingo dute bihar (hilak 19), 18:00etatik 23:00etara. Orotara hogei bat artisau bilduko dira eta modako osagarriak, ilustrazioak, akuarelak, etxea atontzeko gauzak, lore sortak eta kosmetika naturalak arituko dira saltzen.
Flash Mob bat ere egingo dute, Nuria Santos Dance Studioko irakaslearen gidaritzapean. Helduei eta haurrei begirakoa da jarduera, eta entsegua 18:30ean egingo dute. Parte hartzaileei koloretako zapia eramatea eskatu diete.
Horrez gain, aurretik izena eman behar da parte hartu ahal izateko. Horretarako, bi helbide elektroniko ahalbidetu dituzte: nuriasantosdancestudio@gmail.com eta asociacionkolorekolore@gmail.com. Egun berean ere ahalko da inskribatu. Musika ere ez da faltako. PaTon bikoteak pop rock bertsioak abestuko ditu akustikoan.
Artisauak honako hauek izango dira: Olilfer (zeramika); Beatritz Faci (akuarelak); Piki’S NAture (kosmetika naturala); Arotzenea (denboraldiko loreekin egindako lore sortak); Handmade By Joelle (itsasotik lortutako egurrekin egindako apaingarriak); Le Muguet (kristalez atondutako etxeko tresnak); A Todo Hilo (telazko osagarriak haur eta helduentzat); La Reina Bigotuda (buztin polimerikoarekin egindako belarritako koloretsuak); Moldua (etxea atontzeko gauzak, poltsak, motxilak…); Kiribil (ilustrazioa laminatan eta arropa); Hiruloretxo (zetazko akuarela); Gloitz (modazko osagarriak eta akuarelak); Artkham (karrorratzazko panpinak); Feeling Stabee (gurutze puntuzko opariak); Belitz (zianotipiarekin egindako apaingarriak); Decastelart (egurrarekin egindako artea eta zaharberritzea); Ittoitta (imitaziozko bitxi sortzailea); Nire Begietatik (osagarrietako eta modan serigrafia); eta Piki’s Nature (kosmetika naturala).