HMJP "presaz" aktibatu eta idatzi izana salatu du Elkarrekin Irunek
Eremu baxuko eremua bai ala bai ezarri beharragatik, plana "azkar" idatzi izana salatu du alderdi moreak. Azkartasun horrek "akats handiak" ekarriko dituela uste dute.
Bihar, hilak 19, osoko bilkura egingo da udalbatzan eta Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana (HMJP) onartzea izango da eztabaidetako bat. Elkarrekin Irunek agerraldia egin du gaur kontra bozkatuko duela adierazteko. Horretarako arrazoien berri ere eman dute eta hiru ildotan banatu dituzte horiek.
Batetik, parte hartzea ez dela “nahikoa” izan salatu dute. Hiriarentzako hain garrantzitsua den planarekin ez dutela maila eman adierazi du David Nuño bozeramaileak. Plana idazten bi urte igaro ditu Mugikortasun departamentuak eta ez direla “produktiboak” izan deitoratu dute. HMJP “presaz” aktibatu izana egotzi diote udal gobernuari eta emisio baxuko eremua ezarri behar dutelako aritu direla fite uste dute. Izan ere, isuri baxuko eremua ezartzeko mugikortasun jasangarrirako planak onartuta egon behar du.
Gauzak azkar egiteak “akatsa handiak” ekarriko dituela iritzi dute eta hiria “hipotekatuko” dutela diote. Akats horietako bat Palmera Monteron egindako erakusketa da, “eskasa” delako planak daukan garrantziarekin alderatuta. Elkarte, alderdi politiko eta kolektiboen alegazioak lanketa komisioan atzera bota dituztela salatu dute. “Soilik alderdi politikoen alegazioak onartu dituzte, eta Balazta elkartearenak” erantsi du Nuño bozeramaileak.
Gainera, komisioan Elkarrekin Irunek aurkeztutako alegazioei “ez direla posible” erantzun izan diete, baina, geroago, “ahal direla txertatu” zuzendu izan dute. “Osoko bilkuren aurretik moldatu egin dituzte gure proposamenak, plana onartu ahal izateko” salatu du Nuñok.
Planaren iraupena aldatzen joan direla ere salatu dute. Hastapenetan, 2028ra arteko iraupena izan behar zuen planak, eta azken komisioan 2031 arteko iraupena ezarri zioten. Ondoren, osoko bilkuran, daten “nahasketa” batekin egin zuten topo: “2028 jartzen zuen, baina jarduketa guztiak ezingo dituztenez egin, 2031era luzatu dute”, azaldu du bozeramaileak. Aldaketa hau ez dela “serioa” uste du Nuñok: “Denbora oso gakoa da alegazioak egiterako orduan, jarduketak egikaritzeko errealitatea markatzen baitu”.
Bigarrenik, mugikortasunaren problemari konponbide “sendorik” ez ematea gaitzetsi du Elkarrekin Irun. Aparkalekuaren arazoari heltzeko, problemaren hazira joan behar dela uste dute eta hori “mugikortasun eredua” litzateke. Eredu horrek ez duela funtzionatzen uste du Nuñok.
Aurka bozkatzeko hirugarren arrazoia, “lerro gorriak pasa eta kontraesanak eduki” izana da. Planaren helburua inguru urbanoak lasaitzea da, eta beraz, HMJPean ikastetxeetan lur azpiko aparkalekuak egitea jaso izana “kontraesankorra” dela deitoratu dute. Alegazio bat aurkeztu zuen alderdi moreak ikastetxeetan eraiki ahal ez izateko aparkaleku horiek: “Inguruak lasaitzea bada asmoa, segurtasun falta haziko duzu ikastetxeen inguruan” zehaztu du bozeramaileak.
EAJri ere zuzendu zaie. Komisioan parte hartzeko aukera ez aprobetxatzea egotzi diote, eta gero, osoko bilkuran haien alegazioak erregistratu izana politikariekin eztabaidatzeko soilik. Aste honetan erregistratu dituzte alegazio horiek jeltzaleek eta bihar bozkatuko dira horiek. “Parte hartzeari eta komisioko eragile guztiei iraindu diete” azaldu du gogora Nuñok.