Datuak hobetu ditu Dies Oiassonisek
Inoizko edizio arrakastatsuena izan da aurtengoa. Marka guztiak hautsi dituzte jarduera gehienetan.
Marka guztiak hautsi ditu aurtengo Dies Oiassonis erromatar jaialdiak. XIV.e dizioa izan da aurtengoa eta Irungo Udalak “balorazio positiboa” egin du. Atsedenik gabeko asteburua izan dela adierazi dute Cristina Laborda alkateak eta Nuria Alzaga Kultura ordezkariak. Alkatearen hitzetan, gure lurraldean “finkatuta” dago jaialdia eta dagoeneko “erreferentea” da.
Zirku erromatarra izan da jende gehien bildu dituen jarduera, 1.800 ikuslerekin. Ia eserleku guztiak bete ziren. San Juan plazako hondarrean gertatutakoak ere arrakastatsuak izan ziren. Erromatar afarian 110 txartel saldu ziren, eta aire zabaleko zineman 250 ikusle bertaratu ziren.
Gastronomiak ez zuen inor gosearekin utzi. Oiasso Museoan egin ziren sukaldarien ponentziak azaltzeko jardunaldiak bete egin ziren, pintxoaren ibilbideak hogei bat establezimendu bildu zituen, eta arrain zopa lehiaketak sukaldaritza maite dutenez bete zen. Irabazlea, Donostiako Aldanondo jatetxea izan zen. Bestalde, azokak edizio guztietako salmenta daturik onenak izan ditu.
Navigium Isidis prozesioan 130 parte hartzaile izan ziren, aurreko edizioetan baino hiru bider gehiago. Legio X tokiko antzezpen historikoko elkartekoek ireki zuten segizioa, eta atzetik, boluntarioak joan ziren.
Antzezpen historikoko tailerretan aurreko urteetan baino parte hartzaile gehiago bildu dituzte. Doakoetan ez zen lekkurik geratu, baina ordainpekoek ere oso datu onak izan zituzten. Antzerki emanaldietan, berriz, Klitemnestrak 104 ikusle bildu zituen; eta Laviniak eta Bona Deak 90 lagun.