EH Bilduren lantalde feministak jaietan ere berdintasun legea betetzeko eskatu du
Atzo arratsaldean plazaratu zuten alderdiak egindako barne hausnarketa. EAEko Berdintasun Legea zein Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainean plazaratutako berdintasuna sustatzeko gidan hartutako konpromisoak bete zitzatela eskatu zioten udalari, Aldundiari eta erakunde guztiei.
Hondarribiko EH Bilduk herri batzarrean onartutako Alardearen inguruko barne hausnarketa publiko egin zuen atzo arratsaldean. Lantalde feministako kideak aritu ziren bozeramale lanetan, alderdiko kideak atzean zituztelarik.
Jaiak hurbiltzen ari diren honetan, EAEko Emakume eta Gizonen Berdintasun Legea bete gabe jarraitzen dutela salatu zuten: “Ez udalak, ez Foru Aldundiak, ez eta Eusko Jaurlaritzak ere ez du legea betearazten” adierazi zuten. Ondorioz, egunero, herritarrek “gutxiespena eta diskriminazioa” pairatzen dituztela esan zuten irmo.
Legez kanpoko fundazioa
Alarde Fundazioa ere izan zuten hizpide, eta inoiz legeztatzerik lortu ez duten fundazioa dela azaldu zuten. Nafarroako Gobernuak zein EAEko gobernuak erregistro ofiziala ukatu egin zien, bi arrazoi tarteko: “Interes orokorrari erantzuten ez ziolako eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako legeak urratzen zituelako”.
Hala eta guztiz ere, hogei urtez baino gehiagoz desfile armatua antolatu, dirua publikoki bildu, aseguruak kontratatu, armak erakutsi eta herriko kaleetan animaliak erabili ditu Alarde Fundazioak antolatutako Alardeak, eta guzti hori antolatzeko instituzioen baimena izan dutela azaldu zuten Bilduren lan talde feministako kideek. “Orain izena aldatu diote, baina izanari eusten diote”. Lehen Alarde Fundazioa Hondarribia zena, orain, Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko kultur elkartea deitzen da.
Hondarribiarrek pairatutako urte gatazkatsu horietan “sufrimendua, itsukeria eta mina nagusi” izan diren arren, herrian gero eta jende gehiagok jaiak berdintasunean ospatzea aldarrikatzen dutela zehaztu zuten. Konponbiderako urratsak ematen ari dira -elkarrizketa prozesuak proposatuz- eta jaiak herriak antolatu behar dituela aldarrikatzen ari dira asko eta asko.
Egungo legea betetzen duen konpainia bakarra Jaizkibel dela aldarrikatu zuten harro. Baina konpainia batzuk estatutuak egokitzen hasi direla aurreratu zuten. Horietako bat da Danborrada. Hala ere, oraindik jardunean aplikatu ez dituztela gogorarazi zuten.
Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiak berdintasunean ospatuko diren jaien aldeko deia egin zuen ekainean, eta horretarako bost konpromiso hartu zituzten. Atzoko aurkezpenean, horiek betetzea eskatu zioten udalari, Aldundiari eta erakunde guztiei. “Bada garaia legea betetzen hasteko” esan zuten.
EAEko Emakume eta Gizonen Berdintasun legearen 25. artikuluaren lehen puntua:
1.– Euskal herri-administrazioek, bakoitzak bere eskumen-eremuan, beharrezkoak diren neurriak hartu behar dituzte, bai sexuaren ziozko bereizkeria saihesteko, bai sustatzeko emakumeek zein gizonek parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua izan dezatela Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan izaten diren kultu- ra-jarduera guztetan.
Debekatu egiten da emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura-jarduerarik antolatzea eta egikaritzea gune publikoetan.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren berdintasuna sustatzeko gidak jasotzen dituen bost puntuak:
1. Erakundeek jaietan ere berdintasunaren aldeko ekimen eta gogoetak sustatuko dituzte.
2. Emakumeen partaidetza sustatuko duten antolakuntza bultzatuko da.
3. Aukera berdintasuna bermatuko da ekitaldi guztietan.
4. Indarkeria matxistarik gabeko jaiak sustatuko dira.
5. Irudi eta mezu berdinzaleak erabiliko dira.