Alaine Agerralde maila internazionalean arituko da estreinakoz
Espainiako Selekzioarekin jokatuko du Eslovakian 18 urtez azpiko Europako Txapelketa Internazionalean.
Bihar (hilak 19), Eslovakiara joango da BATeko atleta Alaine Agerralde irundarra. Espainiako Selekzioarekin jokatuko du 18 urtez azpiko Europako Txapelketa Internazionalean, eta 400 metro hesietan arituko da. Lasterketa 09:40ean izango da Eslovakiako Banska Bystrica pistan.
Duela bi aste, zilarrezko domina bi jantzi zituen Agerraldek 18 urtez azpiko Espainiako Txapelketan. Hori gutxi ez, eta nesken lehen taldean laguntzen aritu zen Espainiako lehen mailari eutsi ziezaioten, eta hori lortzeaz gain, lehenengo zortzi talde hoberenen artean sailkatu ziren irundarraren ekarpenarekin.
Agerralde maila internazionalera iritsi diren harrobiko kideen zerrendara batu da, Teresa Errandonearekin, Iker Arozenarekin, Irune Muguruzarekin, Junkal Etxegarairekin edota Joaquin Alonsorekin batera. Alonso Perura joango da laster, 20 urtez azpiko Mundialean parte hartzera.
16 urtez azpikoak
Lleidara joango dira BATeko 16 urtez azpiko atletak. Unai Gonzalez 1.000 metrotan arituko da; Elene Salcedo 300 metro hesietan; Hai Duong 300 metroetan; Iker Anaut pertikarekin; eta Eñaut Arburua 300 metro hesietan.