Abotsanitz: "Herriko eragile edo estamentu ezberdinekin akordioetara iristeko gai gara"
Udalak erakutsi duen jarreraz "harro" dagoela esan du Abotsanitzek eta Bidasoko Gazte Langileon Asanbladako kideekin adostutako lanketa horrek emaitzak izan ditzala desiratu dute.
Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak gaztetxe baten beharra gizarteratu zuen iragan asteartean (hilak 16), eta hori lortzeko akanpada hasi zuen. Egun bat beranduago udalarekin bilera lortu zuten eta bien arteko adostasun batera heltzea lortu zuten. Haatik, gazteek akanpada bertan behera uztea erabaki zuten.
Gertaera horri lotuta Abotsanitzek sorreratik “herri bizi eta aktibo batean” sinetsi duela azaldu du, eta bide horretan, herriko eragile ezberdinek -auzo elkarteek, kultur eragileek, kirol elkarteek eta gazte mugimenduek- berebiziko funtzioa betetzen dutela; izan ere, haien ustez “bizirik dagoen herri baten adierazle nagusi” dira.
Hori horrela, gazteek plazaratu zuten bezala, Hondarribian gaztetxe bat izateko beharraren aldeko defentsan aritutakoak dira Abotsanitzeko kide asko eta asko. Horrexegatik, eskakizunen edukiarekin bat egiten dutela esan dute.
Oraingo honetan, ordea, herri plataformaren egoera ezberdina da, udal gobernua osatzen duten alderdi politikoetako bat diren aldetik. Hori dela eta, udalak erakutsi duen jarreraz “harro” daudela jakinarazi dute: “Ez dugu gure erantzukizuna ekidin nahi izan eta herriko eragile bezala aintzat hartu ditugu”.
Elkarrizketarako borondatea
Udal gobernuak, hasieratik, erakutsi zuen elkarrizketarako borondatea zuela eta gazteekin epe laburrean bildu ziren. Akordio batera heldu izanak “herriko eragile edo estamentu ezberdinekin” akordioetara iristeko gai direla erakusten duela esan dute, eta beraz, beren hitzak “fidatzekoak” direla.
Akordio horrek, gaztetxe baten beharrari erantzuteko abuztuan bideorri bat lantzeko konpromisoa jasotzen zuen, “egun batetik bestera alternatiba edo espazio egoki bat topatzea ezinezkoa delako”.
Abotsanitzek erabaki hori txalotu eta lanketa horrek etorkizunean emaitzak eman ditzala desiratu du.