Urmugaren Urtantak Nestor Basterretxea omenduko du
Basterretxeak sortutako eskultura serie kosmogonikoan oinarritutako ikuskaria ondu dute. Hitzordua astelehenean izango da, Arma Plazan 22:00etan.
Urmugaren Urtanta itsasoa, mendia eta musika uztartzen dituen egitasmoa da, eta aurtengo lehen ekitaldia Hondarribian izango da. Aurtengo edizioa, gainera, berezia izango da hondarribiarrentzat, Nestor Basterretxea izango baita omendua.
Miguel Zeberiok, Urmuga Kultur Elkarteko kideak, azaldu duenez, Urmugaren filosofiarekin bat dator Basterretxea: “Historia luze eta oso anitza izandako sortzaile bat izan zen. Sorkuntzan ere oso esparru ezberdinak jorratu zituena eta gainera, sinestuta gaude gure euskal ondareari ekarpen oso inportantea egin ziola, berritzailea izan zelako eta dizplina oso anitzak landu zituelako”.
Basterretxeak sortutako eskultura serie kosmogonikoan oinarritutako ikuskaria ondu dute eta horretarako talde “elektiko eta aberatsa” osatu dute. 22:00etatik aurrera Et Incarnatus Orkestra eta, ohorezko gonbidatu, Donostiako Orfeoia izango dira entzungai. Musika sortzeko ardura Jon Esnaolarena izango da, eta haiekin batera bi xuberotar eta bi nafar arituko dira: Olaia Intziartek eta Maika Etxekoparrek kantua jarriko dute, eta narrazioa eta antzezpena Titika Rekalt eta Etxekoparren esku izango da. Aldi berean, Asisko Urmenetak zuzeneko marrazkiak egingo ditu eta horiek Paradoreko paretean proiektatuko dituzte.
Argiztapen eta girotze aldetik ere sorpresa ugari egongo direla aurreratu du Zeberiok. Arma Plazan ezarriko duten eszenatokian ehundik gora lagun izango dira.
Basterretxea familia
Familia “oso eskertuta” agertu da Urmugaren edizio honetan beren aitaz gogoratzeagatik eta omenaldi hori emateagatik. Basterretxearen alabak azaldu duenez, aniztasuna asko gustatzen zitzaion: “Bai bere lanean eta baita bere inguruan zeuden ekimenetan parte hartzeko beti prest zegoen” esan du Monika Basterretxeak. Haatik, asteleheneko egitasmoa izugarri gustatuko litzaiokeela gaineratu du.
Hondarribiko udalak babestutako egitasmoa da. Ortzi Alonsok, bere aldetik, antolatzaileei eskerrak eman eta herritarrei kontzertura gonbidatu nahi izan ditu. Eta aldi berean, Basterretxea omentzeko udal ekitaldia urrian izango dela gogorarazi du.