Udan ondarea bisitatzeko kanpaina abiatu du udalak
Miriam Merino artista irundarraren ilustrazio bidez bultzatu nahi dituzte lau ondareen bisita gidatuak. Irailera arte luzatuko da kanpaina.
Hiriaren irudia sustatzeko kanpaina berri bat jarri du martxan Irungo Udalak. Udarara begirakoa da eta leloa Bizi ezazu uda historikoa da. Kanpainaren helburua, bertakoak eta bisitariak hiriaren indargune nagusietako batera erakartzea da. Nuria Alzaga Kultura ordezkariaren esanetan, Irunek ondare kultural eta historiko “aparta” dauka.
Kanpainaren oinarria, Bidasoa Biziriken bidez eskaintzen dituzten lau bisita gidatuak dira: Irungo historia zubiz zubi, ondarea ezagutzeko bisitak, udaletxea barrutik ezagutzeko bisitak eta Junkaleko parrokiako kanpandorrera igotzeko bisitak. Ibilbide horietan oinarritu da Miriam Merino (Mirimeba Design) artista irundarra kanpainaren diseinuak egiteko.
Konposizioa osatzen duten lau irudiak Junkaleko parrokia, udaletxea, Ama Xantalen ermita eta Etorbidea zubia dira. Ilustrazioak diseinatzeko, kolore beroak erabili ditu Merinok, uda oroitzeko asmoarekin. Ilustrazioen oinarria, artistak berak egindako argazkiak dira, eta irudi bakoitzak QR kode bat dauka, bisita gidatuei buruzko informazioa ematen duen orrialdera eramaten duena.
Kanpaina hilaren 15etik irailera arte egongo da ikusgai, udalaren euskarrietan: markesinetan, kaleko informazioa eta publizitate euskarrietan, komun publikoetan, kaleko publizitate pantailetan eta CBAko barandan.