Hilaren 24an itxiko da jaietan txosna jartzeko eskaera egiteko epea
Albistearen barruan aurki daitezke txosna bat eskatzeko bete beharreko baldintza guztiak. Irailean ospatuko dituzte jaiak Hondarribian.
Gero eta gutxiago geratzen da hondarribiarrek herriko jaiez gozatzeko aukera izan dezaten. Agerikoa da txosnak direla, oro har, edozein festetako bihotza; baita Hondarribian ere. Ondorioz, Hondarribiko Udalak jakitera eman duenez, uztailaren 24ra arte egongo da zabalik Hondarribiko jaietan txosnak jartzeko eskaria egiteko aukera, eta, horretarako, interesdunek udaletxeko egoitza elektronikoko sarrera erregistroaren bidez aurkeztu beharko dituzte beren eskaerak.
Eskaera orriak sinatuta egon behar du derrigor, eta bertan eskatzailearen datu pertsonalak eta ordezkatzen duen elkartearen datuak adierazi beharko dira. Bestalde, lortutako dirua zein helburutarako erabiliko duten ere zehaztu beharko du arduradunak.
Behin eskaera egiteko epea amaituta zozketa bat egingo dute jendaurrean udaletxeko Areto Nagusian. Hitzordu hori uztailaren 30ean izango da, 13:30ean, eta ezinbestekoa izango da elkarte guztietako ordezkariak zozketara agertzea.
Honako entitate hauek izango dute eskaera egiteko aukera: indarrean dagoen legediaren arabera osatuta dauden eta Eusko Jaurlaritzako Elkarte eta Erakundeen erregistroan erroldatuta dauden kultura, kirol, aisialdi edo gizarte mailako entitate edo elkarte guztiek, irabazi asmorik gabeek, betiere egoitza Hondarribian badute.
Esteka honetan daude eskaera egiteko bete beharreko baldintza guztiak.