Hondarribiko gazteek gaztetxea nahi dute
Bidasoko Gazte Langileon Asanbladako kideek akanpada hasi zuten atzo, San Telmo gazteluan aurrena eta udaletxeko arkupeetan ondoren. Udalarekin biltzeko bilera bat lortu nahi zuten, gaztetxe bat sortzeko bide orri bat zehazteko xedearekin.
Hilabete hasieran aurkeztu zuten Bidasoako Gazte Langileon Asanblada. Gazteek dituzten beharrak eta egoera ikusita mobilizatzea erabaki duten bidasoko gazteek osatzen dute. «Gure bizitzaren erdigunean dirua dago. Sozializatzea, adibidez, dirua da; gero eta espazio gutxiago ditugu guretzako; Hondarribiaren eta Hendaiaren kasuan, batik bat, badirudi herria turistentzako prestatuta dagoela, eta guretzako ez dago baliabiderik; lan kaskarrak eskaintzen dizkigute, prekarioak direnak; etxebizitzak lortzeko ezintasuna dugu…» azaldu dute kideek. Egoera horren aurrean asanblada sortzea erabaki zuten eta espazio autogestionatu bat topatzeko bidea hasi zuten.
Sorreraren motibo eta helburuak azaltzeko bi asanblada ireki antolatu zituzten iragan astean. Lehena hilaren 9an izan zen, eta bigarrena 11n. Horietara orain arte asanbladako kideekin kontaktu zuzenik izan ez duen jendea azaldu zela kontatu dute, eta positiboki baloratu dute jende berriari gonbidapena luzatzeko izan duten aukera.
Asanbladak egin ondoren «zerbait zuzena» egiteko beharra ikusi zuten, taldearen izaerarekin bat datorrelako: «Udalarekin izan genuen lehen kontaktuan bertan, kaleak hartzea eta gure helburuak gizarteratzeko agitaziozko ekintzak egitea gure asanbladaren izaerarekin bat zetorrela azaldu genien». Beren ustez negoziaketa bat martxan egoteaz gain, bestelako ekintza batzuk egitea garrantzitsua da: «Gaztetxe bat nahi badugu garrantzitsua da horren proiekzio soziala egitea; hau da, aurretiazko lan bat egotea, eta erakustea zein den gure proiektuaren espiritua. Era horretan udalari ikustarazi nahi diogu gurea ez dela soilik eskakizun bat, premiazko behar batetik eta guk salatzen dugun errealitate batetik datorren behar bat dela».
Akanpada
Bart (hilak 16), San Telmo gazteluko lorategia hartu zuten. Hura leku estrategikoa zela iritzita. Kanpin dendak gazteluaren aurreko zelaian ezarrita akanpada baketsua egin nahi zuten. Lotan zeudela, ordea, Ertzaintzako sei eta Udaltzaingoaren bi auto agertu ziren, «armez hornituta». Azkar irten ziren bertatik, inongo erresistentzia fisikorik jarri gabe. Hori horrela, gazteek «gehiegizko polizia kopurua» salatu nahi izan dute hedabideetan.
Piraten gaztelua utzi ondoren udaletxeko arkupeetara joan ziren. Kasu honetan, udaltzainak soilik bertaratu ziren eta haiekin adostasun batera heldu ziren: zaratarik egin ezean bertan geratzen utziko zieten. Eta hala egin zuten.
Gaur arratsalderako udalarekin bilera bat egitea lortu dute. Bileraren ondoren (17:00etan) asanblada irekia deitu dute, bileran hitz egindakoak azaltzeko. Segidan, badminton txapelketa (18:00) eta afari-mendaria (19:00) egingo dituzte. Eta eguna amaitzeko, irakurketa saioa (20:30) antolatu dute. Guztia udaletxeko arkupeetan izango da.
Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak ematen dituen pauso guztiak X sare sozialaren bidez zabaltzen dituzte. Eguneraketa zuzenean jarraitzeko ikus @Bidasoko_gla.