HMJPri ekarpen gehiago egingo dizkio EAJk
Dagoeneko zazpi ekarpen txertatu zaizkio planari, eta beste hamar ekarpen berri egingo dituzte ostiral honetako (hilak 19) osoko bilkuran.
Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planean (HMJP) EAJk proposatutako zazpi proposamenak txertatzea onartu zuen Irungo Udalak. Dena den, proposamen gehiago landu ditu alderdi jeltzaleak eta horiek dagoeneko erregistratu dituzte datorren ostiraleko (hilak 19) osoko bilkurarako.
Neurrien helburua, Irungo herritar guztien bizitza hobetzea dela adierazi dute, eta haiek defendatzen duten ereduari esker, irundarrek “errazago gozatu” ahalko dutela haien egunerokotasunak ziur dira. “Proposamen guztiek eredu jasangarri bat lortzen lagunduko diote Iruni, zarata gutxiagorekin eta errespetu handiagoarekin” zehaztu dute.
Hamar ekarpen berriak honako hauek dira:
- Irungo ibilgailuen zarata kontrolatzeko radarrak.
- Emisio Baxuko Eremuan zarataren kontrol puntu batzuk ezartzea, zarataren mailaren hobekuntzaren bilakaera egiaztatzeko.
- Errekuntza motorra duten lorezaintzako makinen ordez, zarata maila txikiagoa duten makina elektrikoak erabiltzea.
- Lurpeko aparkaleku bat sortzea etorkizuneko autobus geltoki intermodalean (ViaIrun), San Migel auzoko bizilagunek erabil dezaten.
- Ikuspena zailtzen duten edukiontziak lekuz aldatzea eta ez jartzea. Halaber, argirik ez duten edo argiztapen nahikorik ez duten zebrabideetan argi puntuak jartzea.
- Aparkaleku arautuetan, haurrak dituzten familien ibilgailuentzako aparkaleku bereziak bideratzea eta bereizgarri bat ezartzeko aukera aztertzea.
- 70 plazako Junkal plazatxoan lurpeko aparkalekua egitea, Nafarroa hiribideko igoeran bidegorri bat ezartzearekin lotuta. Inguru hori gehiago berrurbanizatzea aurreikusita dagoenez, kendu beharko liratekeen TAOko 60 aparkalekuen ordainetan.
- Gi 6-6 errepidearen ertzetik bizikleta bide bat trazatzea, Pinudi parketik igarota eta Ertzain Etxearen biribilgunera iristea.
- Geltoki berriaren eta Txanaleta plazaren arteko trenbideak estaltzea. Horrela, Irunek berdegune berri eta irisgarri bat irabaziz. Aukera espazio bat, hiriaren erdigunea handitzea giltzarria, pertsonen mugikortasuna errazteko.
- Etorkizunean trenbidearen gainean zubi bat eraikitzeko aukera planteatzea, geltoki berritik gertu, eta trenbideen bi aldeak eta auzoak, San Migel eta Pio XII lotuz. Era horretan, trenbideak beti Irundik igarotzeak ekarri duen hesia eta zatiketa murriztuko litzateke.