Ficoban 123 ekitaldi egin dira azken 182 egunetan
Lehen sei hilabetetan Ficobak "jarduera handia eta askotarikoa" izan du. Historiako bigarren fakturaziorik onena egin du, 1,2 milioi eurokoa.
Ficobak lehen seihilekoaren balantzea egin du gaur. Urteko lehen 182 egunetako 164tan, ekitaldi bat egin da erakustazokan. Orotara, 123 ekitaldi egin dira: 8 azoka, 79 bilera eta 38 ekitaldi sozial. Historiako bigarren fakturaziorik onena egin du, 1,2 milioi eurokoa.
Alde kualitatiboari begira, jasangarria izan dela baietsi du Ficobak. Lurzorua berritu zuten, eta orain, ez da moketarik erabili behar. Beraz, ekitaldien karbono aztarna murriztu egin da eta azoketan bakarrik 1.000 tona emisio aurreztu ahal direla azaldu dute.
Lehen sei hilabetetan Ficobak “jarduera handia eta askotarikoa” izan duela baloratu du. Jarduera horien artean azoka berri garrantzitsu batzuk egin dira. Horietako batzuk puntualak izan dira, eta beste batzuk etorkizunean errepikatuko direla baieztatu dute.
Ekitaldi berrien artean, otsailaren 17an eta 18an egin zen Rethink Vintage azokaren lehen edizioa dago. Urtean bitan antolatzeko asmoa daukate, eta hurrengoa irailean egingo da. Bestalde, hil horretan bertan egin ziren lehenbiziko aldiz ere errepide bidezko bidaiarien garraioko ETEen Espainiako kongresua, Twing Raid rally solidarioa eta Euskadi Gastronomikaren Aintzatespena.
Euskal Herriko Itzulia Ficobatik irtetea ere lehen aldiz gertatu da aurten. Robe musikariak bere kontzertua eskaini zuen ere eta 3.000 lagunetik gora elkartu ziren. Ekitaldi jendetsuekin segituta, Caravantur ekitaldiaren 8. edizioak 9.000 pertsona bildu zituen martxoaren 1etik 3ra.
Azoka handiek ere ez zuten hutsik egin eta MUBIL Mobility Expo eta Bioterra mugako eraikinean egin ziren. Era berean, Katuen Nazioarteko XVII. erakusketa ere bertan egin zen.
Bigarren sei hilekoa dagoeneko hasia da, eta lehen zita ekitaldi berri batena da: Lur Sound Festibala. Musika jaialdi ekologikoa izango da, eta arte erakusketak, tailerrak eta produktu jasangarrien azoka bat egingo dituzte. Abuztuaren 24an egingo da.
Merkalan Euskadiko enplegu eta prestakuntza azoka berritasuna izango da. V. edizioa Irunen egitea erabaki dute eta urriaren 2an izango da. Guztira, 100 enpresak hartuko dute parte, 1.000 lanpostu eskainiz. Bestalde, urteko azken hilabeteetako beste data garrantzitsu bat Emakumezkoen Futbolaren Nazioarteko Kongresua da, azaroaren 21ean eta 22an. Sektore horretako adituak eta profesionalak elkartuko dira.
Ficoauto azaroaren 15etik 17ra egingo da, eta Be Veggi jaialdi beganoa, berriz, abenduaren 6tik 8ra. Gainera, azken jaialdi honek irudia berritu du. Egutegia osorik, Ficobaren orrialdean topa daiteke.