Isuri gutxiko eremuari buruzko informazio saio irekia, hilaren 22an
Irunen aplikatuko duten isuri gutxiko eremuaren diseinuaz arituko dira. Saioa irekia da eta ez da aurretik izena eman behar.
50.000 biztanletik gorako udalek emisio gutxiko eremuak (EBE) martxan jartzera behartuta daude, kutsadura murrizte aldera. Irunek, 63.000 biztanleko langa pasata dauka, eta beraz isuri gutxiko eremua ezarri beharko du. Dagoeneko horretan lanean dabil udala eta I. fasea irailerako bukatzea aurreikusi dute.
Lehenbiziko fase honetan, diagnostiko bat idazten ari da, hirian zehar dauden sentsore sareek ematen duten informazioaren bidez. Behin diagnostikoa eginda, eremua diseinatzen hasiko dira. Bien bitartean, herritarrentzako lehenengo informazio bilera egingo dute hilaren 22an, 19:00etan Palmera Monteron.
Saio horretan, Irungo emisio gutxiko eremuaren diseinua eta hura arautzeko ordenantzaz arituko da Borja Olazabal Mugikortasun ordezkaria, isuri gutxiko eremua sortzeko proiektua eta hura arautzeko ordenantza zehazteko kontratatutako enpresako ordezkariekin batera.
Proiektuaren arrazoiez arituko dira, baita legez nahitaez bete beharrekoez ere. Horrez gainera, eremua sortzeko irizpideak eta justifikazioak emango dituzte. Aurkezpenarekin bukatzeko, herritarrek parte hartzeko dituzten foroak eta hurrengo pausoak zeintzuk diren zehaztuko dituzte. Gainera, aurrerago saio gehiago egingo dituzte eta praktikoagoak izango direla azaldu dute.
Hurrengo asteleheneko saioan, herritarrek galderak egiteko aukera izango dute. Aurretik etxeko lanak eginda joan nahi duenak, udalaren orrialdean topatuko du informazio gehiago.