'Basterretxea Irunen (1958-1971)' erakusketan, Irun arte garaikidearen mugarri
Hilaren 23an, Basterretxeak Irunen 13 urtetan zehar utzitako aztarnaren erakusketa zabalduko dute Menchu Gal aretoan. Urriaren 20ra bitartean luzatuko da, eta bisita gidatuak egingo dituzte.
Mendeurrena bete da Nestor Basterretxea artista bermeotarra jaio zenetik eta urteurrenaren karietara Euskal Herri osoan ari dira bere lanaren memorian lanean. Irunen, 13 urte igaro zituen Iparralde hiribidean Jorge Oteizarekin eta Luis Valletekin batera diseinatutako tailer-etxean. Aztarna nabarmena utzi du Basterretxeak Irunen eta hori ikustarazteko erakusketa zabalduko dute Menchu Gal aretoan hilaren 23tik urriaren 20ra. Fernando Golvanok komisariotza egin du erakusketa eta hark idatzitako katalogoa 3 euroan eros daiteke bertan.
Erakusketaren aurkezpenean izan dira Basterretxearen seme-alabak eta Cristina Laborda Irungo alkatea, Nuria Alzaga Kultura ordezkariarekin batera. Alkateak eskerrak eman dizkie senideei izandako “inplikazioagatik eta erakusketa babesteagatik”. Jarraian, Gaur taldeko artista guztien lanak Menchu Gal aretotik pasa direla oroitu du alkateak eta Basterretxeak ere bertan egon behar zuela azaldu du. “Bilboko Arte Ederren museoko erakusketa baten maila du” baietsi du Labordak.
Gorka Basterretxea semearena izan da hurrengo hitza, eta Basterretxearen jaiotzaren harira antolatutakoak, duela hilabete bat hasi zela Gasteizko Artium museoan gogoratu du. Irunera iritsi dela omenaldia goretsi du, “erbestealdiagatik etendako bizitzak berreraikitzeko erreferente eztabaidaezina den hiri honetara”. Artistaren semearen arabera, Basterretxeak eta Oteizak, Irungo tailer-etxean “grina pertsonala eta kolektiboa” baliatu zituzten “ekintza kolektiboen bilaketan duten kontzientziari aurre egiteko”. Erakusketa honetan, Basterretxearen lan artistikoaren proiektu enblematiko asko ikusi daitezkeela iritzi du semeak.
Erakusketa
Hiru ardatzen bueltan antolatu du erakusketa Golvano komisarioak: Irunen 1958 eta 1973 urteen artean bizi zeneko sorkuntza artistikoa; Basterretxearekin elkarlanean Gaur taldean aritutako artisten obren arteko elkarrizketa (1965 eta 1967 urteak); eta diseinua. Urteurren hau oroitzea “abentura moderno bat oroitzea” dela adierazi du komisarioak, zeinetan Basterretxea den protagonista nagusietako bat. “Artea gizartean integratu zuen aitzindaria” dela definitu du komisarioak. Horrez gain, Basterretxearen ibilbidean Irun garrantzitsua da bertan jaio zelako artistaren ibilbideko parte garrantzitsuena.
Buenos Aires hiriburuan ezagutu eta lagun egin ziren Oteiza eta Basterretxea, eta Irunera etortzea proiektatu zuten. Tailer-etxea bera “mugarri” bat izan zen Europan. “Abangoardia modernoko bi artistak erabaki zuten etxe estudio sortzea, pentsatzeko, biltzeko eta lagunekin elkartzeko” zehaztu du. Bertan atera zuen Fernando Larrukert zinemagile eta argazkilari irundarrak Gaur taldearen argazki ezagunena. “Modernitatearen hiriburu” izan zen Irun, Donostiarekin batera.
Bidaia laguntzaileak izan ziren Oteiza eta Basterretxea eta Irunen egindako historia berreskuratzea “oso garrantzitsua” dela azpimarratu du Golvanok. Bide horretan, Iparralde hiribideko 35. zenbakian dagoen tailer-etxea berreskuratzeko lanak “distirarekin eta gogoz” berreskuratzea espero du komisarioak. Izan ere, Oteizaren desioa izan zen tailer etxea “arte garaikidearen, pentsamenduaren eta mugako kulturaren zentro bizia eta dinamikoa” izatea. Etorkizunera begira egindako adierazpenak izan zirela gaineratu du komisarioak.
“Ikaragarria, mila modutan esan daiteke” adierazten zuela Basterretxeak ekarri du komisarioak, eta hargatik ez zen marrazketara mugatu, eta erliebetatik, eskulturara pasa, argazkilaritza esperimentaletik igaro, pelikulak egin, poesiak idatzi, arkitekturan aritu, eta diseinuan murgildu zen. Erakusketan “ibilbide txikiak” ikusiko ditu bertaratzen denak. “Etorkizunera begirako irekierak”, hain zuzen ere. Besteak beste, Amalur filmaren posterra, Biok altzari modernoen enpresaren diseinuak, tailer etxearen maketak eta planoak, edota Agirre okindegiko mahaia daude erakusgai.
Bisita gidatuak
Urrira bitartean bisita gidatuak eskainiko dituzte, baina oraindik ez dute datarik zehaztu. Alzagak baieztatu du aurrerago datak finkatuko dituztela. Halaber, udal ordezkariak gogoratu du erakusketa honetan beste erakunde batzuek ere parte hartu dutela: Artium, Bilbo Museoa, Eusko Legebiltzarra, Montehermoso Kulturunea; Hondarribiko Udala edota Euskadiko Filmoteka.
Obrak utzi dituztenak ere andana izan dira: Bilbo Museoa, Artium, Jorge Oteiza Fundazio Museoa, Vallet de Montano funtsa, Irungo Artxiboa, Usoa Zumeta, Gorka Sistiaga, Maru Rizo, Agirre gozotegia eta Ipiña Bidauzarraga bilduma. Gipuzkoako Gordailuak ere lagundu du, bertan baitago gordeta familiaren obraren zati bat.
Bestalde, tailer etxea ardatz dituzten Basterretxearen pelikula batzuen proiekzioak antolatu dituzte, esate baterako, Operacion H. Gainera, Basterretxearen biloba Telmo Basterretxea hondarribiarraren La persona que más admiro.
Tailer etxearen obrak
Irungo Udalarena da Iparralde hiribideko tailer etxea eta eraikina berreskuratzeko lanak egiten ari dira. Eraikina “degradazio egoeran” dagoela jakinarazi du alkateak, eta oraintxe eraikinaren mantenimenduari dagokion fasean daudela baieztatu du. Ondoren, eraikina museo bilakatzeko proiektuari ekingo diote.