Trizikloek atseden hartzeko leku bat izango dute
Hondarribia Lantzen enpresaren garaje bat erabiliko du aurrerantzean Nagusilanek proiektuko hiru trizikloak gordetzeko.
Eskualdeko adineko pertsonak herritik trizikloan paseatzeko helburua du Nagusikleta proiektuak. Balaztak utzitako trizikloez baliatuz Nagusilan elkarteak, Betharram eta San Gabriel egoitzetako egoiliarrekin, bereziki, pasealdiak egiten dituzte.
Proiektuko kideek azaldu dutenez, azken urteetan arazoak izan dituzte trizikloak gorde ahal izateko, horiek oso handiak direlako. Problematika horri irtenbide bat emateko, Nagusilan elkartea udalarrekin harremanetan jarri zen.
Udal gobernuko kide den Josu Peñak adierazi duenez Hondarribia Lantzenek 25 urteetan erabili ez dituen sei garaje zituela jakin zutenean, horietako bat Nagusikleta proiektura bideratzea pentsatu zuten. Eta hura posible egiteko, Nagusilan elkartearen eta Hondarribia Lantzenen arteko hitzarmen bat sinatu berri dute.
Zinegotziaren hitzetan “sorpresa handia” izan zen garaje horiek topatu izana, eta ez dute ulertzen horiek erabili ez izana. Udalaren eta herriko elkarteen arteko elkarlana beharrezkoa dela iritzita, “garaje huts batek” Nagusilan eta Balaztak zituzten arazoei irtenbide bat ematea ahalbidetu duela adierazi du.