Irune Muguruza txapeldun 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan
Muguruzak txapela jantzi du 400 metro hesietan. Bestalde, BATeko 17 atleta sailkatu dira 20 eta 16 urtez azpiko Espainiako Txapelketetara.
Asteburu honetan jokatu da Burgosen 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketa eta BATeko zazpi atleta bertaratu dira. Irune Muguruza irundarraren lana izan da nabarmenena, 400 metro hesietan urrezko domina jantzi baitu.
Muguruza finalerdietara sailkatu zen 1:00,61 minutuko denborarekin, eta finaleko lasterketan denbora marka hobetu zuen 58,80 segundorekin. Muguruzak ahaztu ezingo duen denboraldia bukatu du, hainbat errekor poltsikoratuta eta laugarren sailkatuta kategoria absolutuan.
Victoria Briso proba nahastuetan aritu zen eta bosgarren bukatu zen 4.905 punturekin. Bere markak honako hauek izan ziren: 100 metro hesietan 14,72 segundo; altuera jauzian 1,61 metro; pisuan 10,56 metro; 200 metro lasterketan 26,06 segundo; luzeran 5,13 metro; xabalinan 39,50 metro; eta 800 metro lasterketan 2:32,02 minutu. Kategoria absolutuan laugarren bukatu du Brisok.
Marta Blanco ere proba nahastuetan aritu zen eta zortzigarren sailkatzea lortu zuen 4.335 punturekin. Emaitzak, honako hauek izan ziren: 100 metroetan 16,10 segundo; altueran 1,55 metro; pisuarekin 10,94 metro; 200 metroetan 26,97 segundo; luzeran 5,06 metro; xabalinarekin 30,89 metro; eta 800 metrotan 2:39,41 minutu.
Sofia Rchik jauzi hirukoitzean lehiatu zuen eta bederatzigarren sailkatu zen 11,73 metrorekin. Finalaren atarian geratu zen, baina Rchiren urtea “oso ona” izan dela adierazi du klubak.
Aitor Fernandezek denboraldi konplikatua izan du eta pasa den asteburuan ezin izan zuen lehiaketa bukatu. Proba nahasietan aritu zen Fernandez eta parte hartzera iritsi zen probetako emaitzak hauek izan ziren: 100 metrotan 11,64 metro; luzeran 6,14 metro; pisuarekin 10,77 metro; altuaerarekin 1,78 metro; 400 metrotan 52,08 segundo; 110 metro hesietan 16,16 segundo; diskoarekin 29,58 metro; pertikarekin 4,35 metro; eta xabalinarekin 45, 77 metro. Klubak babesa erakutsi dio Fernandezi denboraldi bukaera medio.
Mario Estangak pertikari heldu zion Burgosen eta hamabigarren postuan bukatu zuen 4,65 metroko emaitzarekin. Estangak ere denboraldi borobila egin zuen maila indibidualean eta kolektiboan.
Erik Fernandezek 200 metrotan egin zuen korri eta seigarren sailkatu zen finalerdietan. 22,10 segundoko markarekin ez zuen finalerako txartela lortu baina denboraldi bukaera “zinez ona” dela uste du Bidasoko klubak.
Asteburu honetan jokatu den txapelketatik 18 atleta sailkatu dira 16 eta 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketetarako. Parte hartze historikoa izango du BATek hilaren 27an eta 28an jokatu diren bi txapelketa hauetan.
Joaquin Alonso 400 metro hesietan arituko da; Beñat Mikelarena 400 metrotan; Laia Olaskoaga 200 metroetan; Martina Villar 100 eta 200 metroetan; Aritz Zuazo altueran; Arwen Martinez 200 eta 100 metroetan; Unax Eraso mailuarekin; Alejandro Esteban xabalinarekin; Mikel Aramendi 3.000 metro oztopoetan; Ander Aramendi 3.000 metroetan; Eider Alzaga 100 metro hesietan; Luken Aizpurua luzeran eta Ander Aristi 400 metro hesietan.
Kadeteei dagokienez, bost dira sailkatzea lortu dutenak eta hilaren 20 eta 21ean Lleidara joango dira. Unai Gonzalez 1.00 metrotan lehiatuko da; Elene Salcedo 300 metro hesietan; Hai Duong 300 metrotan; Iker Anaut pertikarekin; eta Eñaut Arburua 300 metro hesietan.