Mater ontzia Hondarribian izango da hilaren 18tik 21era
Zero Zabor Uretan kanpainak seigarrenez zeharkatuko du euskal kostaldea. Itsaso osasuntsu baten aldeko itsas zeharkaldian zortzi portu bisitatuko dituzte, Hondarribia tartean.
Pasaiako Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak uztail hasieran abiatu zuen Zero Zabor Uretan kanpaina. Seigarren edizioa da aurtengoa, eta urtero bezala euskal kostaldeko zortzi portu bisitatuko dituzte. Lehena Bilbo izan zen. Hurrena, Portugalete. Ondoren, Bermeon porturatu ziren eta gaur arte Ondarroan izango dira. Bihartik aurrera Bizkaiko uretatik Gipuzkoako uretara egingo dute jauzi, eta Mutrikun eta Getarian geldialdiak egin ondoren, Hondarribira helduko dira. Zeharkaldia Pasaian bukatuko dute.
Itsas hondakinen problematikari irtenbideak bilatzeko helburua duen kanpaina da eta horretarako bisitak, tailerrak, itsas hondakinak arrantzatzeko nabigazioak, proiekzioak, eta itsasoa eta bizia zaintzeko aldarrikapenak egingo dituzte hilaren 18tik 21era bitarte.
Aldi berean, hilabete batzuk lehenago herri horietako bakoitzean bertako eragileekin hasitako lana bukatuko dute, sentsibilizazio hitzaldien, erakusketen eta hainbat kolektibori zuzendutako proposamenen bidez. Aipatutako herri horietako bakoitzean “sinergiak” ondu dituztela zaldu dute Materreko kideek. Era horretan, tokian tokitik arazoaren globalera eta konponbidera jarduteko.
Gainera, ikusten ez dena ikusarazteko bi erraldoi sortu ditu Materrek: batetik, Bio erraldoia sortu dute, bizitzaren sarea dena. Biok bizitzaren garrantzia irudikatzen du eta kakorratzez egindako dozenaka aldaz eta itsas animaliez egina dago. Eta beste alde batetik Zabor erraldoia sortu dute, hondakinen munstroa. Zabor gizarteko kontsumo ohitura suntsitzaileen emaitza da eta euskal kostaldean bildutako plastikozko itsas hondakinez osatuta dago. Porturatutako herri bakoitzean haiek izango dira Mater herrira iritsi dela ezagutzera ematearen arduradunak.
Materren kanpainak Plastic Free Julay, kutsadura plastikoaren aurkako nazioarteko hilabetearekin egiten du bat.
Hilak 18: Itsas Hondakinen martxa, 19:00ean.
Hilak 19: Bisitak Ontzi Museora, 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 artean.
Hilak 20:
- Itsas Hondakin eta Mikroplastiko Arrantza, 10:30etik 14:00ak arte.
- Dinamikak Portuan, 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 artean.
- Sormen birtziklatze tailerra, 17:00etan.
Hilak 21: Nabigazioa Hondarribi-Getaria. 10:00etatik 14:00etara. Nabigazioak 50 euroko kostua izango du.