Squasha babesteko eta ez ixteko eskaera egin du Lur Alaik
Laugarren squash pista gimnasio bilakatzera doazela salatu du Lur Alai klubak eta eztabaida eskatu diote udalari. Halaber, kontraesankorra iruditzen zaie squash pista ixteko proiektuak aurrera egitea, "beste kirol espazio batzuk ez kentzeko "argudioa erabili duenean udalak.
Artalekun lau squash pista daude, baina horietako bat gimnasio bat da. Laugarren squash pista horrek, pista gisa funtzionatzen du soilik Lur Alai Squash taldeak antolatutako txapelketetan. Egoera honetan pandemia garaitik daude. Izan ere, orduan pistetako bat egokitzea erabaki zuten “behin behingoz”, eta azken berrien arabera, laugarren pista “behin betiko” ixtera doazela salatu du Irungo squash taldeak, gimnasio bat egiteko. Egoera horren aurrean, “eztabaida” eskatu diote udalari.
Erabakia “aldebakarrez” eta “inori azalpenik eman beharrik gabe” hartutakoa dela salatu dute gaur Artalekun egindako agerraldian eta “larria” dela adierazi dute. “Gure ustez, alderdi ezberdinen arteko bitartekari izan ordez, existitzen ez zen gatazka baten sustatzailea izan da Borja Olazabal [Kirol ordezkaria], zehaztu dute. Ordezkariaren jarrera “harroputz eta desafiatzailea” izan dela deitoratu dute ere eta bat egin dute Olazabalen hitzekin: “zerbait pertsonala bilakatu da”.
Tira bira pertsonalez haratago, squash pistak 70 metro karratu ditu eta ea gimnasioa handitzearen beharrari erantzungo dioten obra hauekin galdetu diote Kirol ordezkariari. Halaber, squash pistetako bat ixtea “atzeraezina” den erabakia dela gogoratu dute eta kalte egingo diote kirol “olinpiko, gorabidezko eta Espainiako estatuan erreferente den” klubari. Nabarmendu dute Lur Alaik 11 urte bete dituela eta “erreferentea” dela kluba bai Euskadi mailan baita Espainia mailan ere. “Egun, 80 bazkide ditugu” azpimarratu dute.
Squash pista gimnasio bilakatzeko proiektua, baina, nondik datorren galdetuta, aurrekontu parte hartzaileetako bi proposamenen nahasketa dela uste du klubak. Proposamen horietako batean gimnasioa handitzea eskatu zen, baina udalak erantzun zuen “proposamenak ezin duela beharrezko beste kirol espazio batzuk kentzea eragin”. Aldiz, beste proposamen batek instalakuntzak “hobetzea” galdegin zuen eta hori onartu egin zuen udalak eta 60.000 euro bideratu dituzte lan horietara.
Lur Alaik ez du bide ofizialetatik jaso laugarren squash pistaren obren gainekorik eta egoera honek “ezjakintasuna” eragiten dio klubari txapelketei begira. Ez dakite zenbat izen emate onartu ahal dituzten, ez dakitelako ea lau pistak utziko dizkieten edota dagoeneko hirurekin jokatzea barneratu beharko duten. “Squasha, babestu, ez itxi” egin dute aldarri.
Bestalde, gimnasioa “bere unerik onena” bizitzen ari dela iritzi du klubak, baina sare sozialen eragina dela uste dute. Hartara, ea “egonkorra” den moda edota mugimendu hau galdetu diote Olazabali. Lur Alai epe luzerako proiektu sendoa bilakatu dela diote eta babesa eskatu diote udalari. Squash pistan dagoen gimnasioaren erabilera txarra ere salatu dute: “ohikoa da ikustea pertsona batzuek denbora eta espazioa ematen dutela mugikorra begiratzen, gainontzeko erabiltzaileak oztopatzen”.
Zentzu horretan, “erabaki okerra” den heinean, ezingo dutela barkatu gimnasio bat sortzea eta gaizki aprobetxatzea azaldu dute. “Aldebakarreko jarrera hauek, udal ordezkarien kontrako jarrera besterik ez dute adierazten, kirol gutxitu bat hondoratu eta Irun squasharen mapan jartzeko ahalegin guztia bertan behera utzi besterik ez dute egiten”, bukatu dute