Puntistarik onenak bueltan dira Hondarribian
Aurten, gizonezkoen Gran Slam Hondarribia-z gain, emakumezkoen Master Series Hondarribia txapelketa jasoko du Jostaldi pilotalekuak. Jaialdia ostiral honetan hasiko da, 20:00etan.
Zesta Punta indarra hartzen ari da herrian. Hondarribiko pilota eskolan harrobi sendoa dute eta Hondarribia Grand Slama udako hitzordu garrantzitsuenetako bat bihurtu da.
Ostiral honetan abiatuko da 2024 urteko zesta denboraldia. Aurtengoarekin hemezortzi denboraldi beteko ditu Hondarribia Grand Slamak eta adin nagusiko bihurtu den honetan, berritasunekin heldu da: gizonezkoen Grand Slam Hondarribia ez ezik, emakumezkoen Master Series-a ere jasoko duelako udalerriak.
Gizonezkoen kasuan, partidak ostiralero izango dira, iluntzeko 20:00etatik aurrera, irailaren amaierara arte. Irailaren 13an finalerdiak egingo dituzte eta 20an finala jokatuko da. Jokalariek ostiral bakarra izango dute deskantsatzeko, irailaren 6koa.Emakumezkoen lehia, berriz, abuztuaren 8an hasiko da eta finala irailaren 20an jokatuko dute. Partidak ikusi bitartean, zaletuek, Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiaren eskutik marmitakoa dastatzeko aukera izango dute.
Lehen zazpi ostiraletan sarrerak hamar euroan izango dira eskuragarri, finalerdiko sarrerek 12 euro balioko dute eta finalekoek 15 euro. Tiketak Jaia Alive-en webgunean, Arma Plazan, Hendaiako Turismo Bulegoan edo frontoian bertan eros daitezke (partiduaren egunean).
Aurkezpen ekitaldia
Gaur goizean egin dute aurkezpen ekitaldia. Bertan Igor Enparan alkateak Hondarribia Pilota eskolako harrobiari egin dio keinua: “Profesional izan aurretik ikasi egin behar da, eta afizionatu izan behar da. Txikia nintzela ez nuen Hondarribiko zesta punta jokalaririk ezagutzen. Hondarribiko Pilota eskolak egin duen lan bikainagatik orain badugu pilotari hondarribiar bat udako ekitaldi hauetan parte hartuko duena: Julen Basterra (Txanika). Baina aurten ere hor izango ditugu Mattin, Oier, Adara, Manex, June, Mikel, Iker, Aiert… beren ibilbidea egiten ari direnak.” Gaztetxo horiek parean zituen alkateak eta beren zestak eskuan zituztela bide horretan jarraitzera animatu ditu.
Lupe Queiruga Kirol zinegotziak emakume puntisten arteko Master Series-a aurkeztu du. Lehenengo aldiz egingo da lehia Hondarribian eta “emakumeak gizartearen erdia izanik”, instituzioek egiten dituzten politiketan errealitatea islaturik geratu behar dela adierazi du, “ez bakarrik kirolean, eremu guztietan baizik”. Aurten ez da herriko puntistarik arituko emakumezkoetan, baina datozen urteetan kopuruak gora egitea desiratu du zinegotziak. Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo, eta Lurralde Antolamendurako diputatuak ere zinegotziarekin bat egin du esandakoetan.
2007tik antolatu du Jai Alive enpresak Hondarribiko Grand Slam-a, eta aurten lehenengo aldia izango da Hondarribiko Pilota Eskolaren eta Udalaren laguntzaz gain, Foru Aldundiaren laguntza izango duena. Jai Alive-en ordezkariak, Mikel Egigurenek, Enparanen ildotik, jo du. Pilota eskolaren lana goraipatu eta datozen urteetan pilotari hondarribiar gehiago profesional mailan lehiatzen ikustea polita izango litzatekeela adierazi du.
Azkenik, Hondarribiko Pilota Eskolako Iñigo Sanchez-ek hartu du hitza. Eskerrak ematen hasi eta bukatu du hizketaldia. Lehenik, udaletxeari eskerrak eman dizkie, “urtero ematen digun babesagatik”. Ondoren, Jai Alive enpresari, “urtero Hondarribia aukeratzeagatik lehenengo mailako puntistak aritzeko eszenatoki gisa”. Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako kideek eskolaren partetik eskerrak jaso dituzte ere, ostiralero dastatuko den marmitakoaren osagai nagusia haiek jarriko dutelako.
Prentsaurrekoan gurasoei ere eskerrak emateko baliatu du aukera Sanchez-ek, “haiek gabe ezingo genukeelako halako txapelketa bat antolatu”. Eta amaitzeko, ostiralero pilotalekua beteta egotea desiratu du. Horretarako hondarribiar guztiak gonbidatu ditu partidez gozatzera.
Gizonezkoak:
07.19: Etcheberry-Laborde vs Laloo-Sallaberry (sailkapen partida izango da).
07.26: Urrutia-Oyhenard vs Bixente-Atain
08.02: Erik-Bailo vs 19ko irabazleak
08.09: Basterra-Ekhi vs Erik-Bailo
08.16: Basterra-Ekhi vs 19ko irabazleak
08.23: Bixente-Atain vs Benetrix-Salegi
08.30: Urrutia-Oyhenard vs Benetrix-Salegi
09.13: Finalaurrekoa (EiTB)
09.20: Finala (EiTB)
Emakumezkoak:
08.16: Erika-Oaia vs Maite-Frida
08.23: Elaia-Maia vs Helena-Arai
09.20: Finala
*Partida guztiak 20:00etan hasiko dira.