Egonkor eta hobetzen
Larunbatean emakumezkoen traineruak ezustekoa eman eta igandean ohorezko txandan aritu zen. Gizonezkoek, berriz, igandean bandera esku artean izan zuten arren, eta azkenean hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.
Eusko Label eta Euskotren ligek hiru asteburu bete dituzte eta azken jardunaldiak Bilbon eta Sestaon izan dituzte, biak ala biak ibaian.
Ez da Ama Guadalupekoaren orain arteko astebururik onena izan. Larunbatean laugarren sailkatu ziren Bilbon, Urdaibairen (19:27,96), Zierbenaren (19:28,82) eta Orioren (19:43,42) atzetik. Hasierako erreferentziatik laugarren kokatzen zituen gps-ak. Azkenera arte, ordea, hortzak estutu zituzten berdeak, oriotarrak hiru segundo eskasera baitzituzten. Azkenean ez ziren distantziak txikitzeko gai izan eta 19:47,98ko denboran gelditu zuten ordularia.
Igandean, berriz, hirugarren izan ziren. Lehen ziabogan Zierbenaren atzetik kokatu ziren Hondarribiarrak. Bigarren ziabogan, ordea, parean jarri ziren eta laugarren luzeko azken metroetara arte estropada buru izan ziren. Azken unean garaipenak ihes egin zien. Urdaibairentzat izan zen Sestaoko bandera (19:55,79) eta Zierbenari (19:58,09) puntu bat kentzetik 22 zentesimetara geratu ziren. Hondarribiak 19:58,31ko denbora markatu zuen.
Sailkapen orokorrean hirugarren postuan dira (59 p.), bigarren den Zierbenatik bost puntutara (64 p). Laugarren sailkatua, Orio, lau puntutara dute berdeek (55 p.). Bigarren txanda irabazten dabilen Donostiarra aldiz, koxka bat beherago dabil, eta hortaz, datozen asteetan, ohorezko txandan mantentzeko zailtasunik izango ez dutela dirudi.
Emakumezkoak ohorezko txandan
Asteburu honetan ezustekoa eman dute berdeek. Bilboko uretan hasi eta buka menderatu zuten euren txanda eta kronoa gelditutako denbora (10:42,76) ona zela ikusita paziente itxaron zuten bigarren txanda bukatu arte. Ziabogan bosgarren denbora onena markatu zuten arren, Donostiarra, Tolosa eta Orio gertu zituzten. Hiru, bi eta bat segundotara hain zuzen. Hondarribiarrek itzulerako luze itzela egin zuten, eguneko bigarren azkarrena. Haatik, helmugan, Orio (10:42,96) zein Tolosaldea (10:48,74) atzean uztea lortu zuten hondarribiarrek, eta Donostiarragatik (bigarren postutik) segundo bakar batera geratu ziren.
Bilbon hirugarren egin izanagatik, igandean, Sestaon, ohorezko txandan atera ziren. Horrek dakarren arriskuaz jakitun, tandan lehiakorrak izatera eta gogor borrokatzera irten ziren. Ziaboga eta ondorengo luze erdia Orioren parean izan ziren. Hirugarren postuagatik borrokatzen ibili ziren, baina azkenean, horiek bigarren postua bere egin (10:31,24) eta hondarribiarrek laugarren postu bikaina (10:38,36) eskuratu zuten. Lehenengo txandan aritu zen Tolosaldeak (10:43,02) ez zuen Ama Guadalupekoaren denbora hobetzerik lortu.
Bi egunetako garaipenak Arraun Lagunak ontziarentzat izan zen. Orain arteko estropada guztiak bere egin dituzte. Sendotasun osoz. Sailkapen orokorrean Hondarribiarrak bosgarren postuan dira, play off postutik bederatzi eta jaitsiera postutik hamazazpi puntura.
Asteburuko emaitza eta gorabeherak guztiak zehatz ikusteko egin klik hurrengo esteka honetan.