Usain eta kolorez bete ditu kaleak Dies Oiassonisek
Erromatarren garaiko historia eta istorioez gozatzeko jaialdia hasi da. Azoka ia egun osoz egongo da, eta bestelako 30 jarduera baino gehiago antolatu dituzte.
Erromatar garaian bete-betean murgildu dira Irungo karrikak. Atzo hasi eta igandera bitartean 30 jarduera kultural eta dibulgatzaile baino gehiago antolatu dituzte udalak eta Oiasso Museoak, eta egun guztietan ia egun osoz egongo dena udaletxe inguruan antolatu den artisau azoka da.
Jaialdiaren aurkezpena egin du gaur Cristina Laborda alkateak eta hiriko ekonomian eragiten duen festibala dela baieztatu du. Horrez gain, hiriaren historia eta ondarea ezagutzeko “aukera paregabea” dela adierazi du: “urtero-urtero esperientzia bizitera etortzen direnak hurrengo urtean itzultzen dira, esperientzia berriez gozatzera”.
Gaurko egitaraua usainak markatutakoa izaten ari da. Arrain Zopa lehiaketa egiten ari dira udaletxeko arkupeetan, eta izena eman duten herritarrak dastaketa lanetan ari dira. Horrez gain, arrain zoparen historiaren gaineko azalpenak ematen ari dira antolatzaileak. Esaterako, itsasoko arrainarekin egindako zopa “baliotsuagoa” izan dela azaldu dute, ibaiko arrainarekin egindakoa baino. Dies Oiassonisek historiari tarte zabala utzi dio.