Musikari lotutako ametsak ehuntzen
Euskal Herriko Gazte Orkestrak hilaren 18an emango du emanaldia Hondarribian, eta bertan arituko dira Aitziber Esuain eta Telmo Gorrotxategi hondarribiarrak. Esuainek biolina jotzen du, Gorrotxategik perkusioa. Talentu handia duten 20 urteko gazteak dira eta biek ala biek etorkizunean musikari lotuta jarraitu nahi dute.
Duela bi urtetik Euskal Herriko Gazte Orkestran (EGO) titularrak dira Aitziber Esuain eta Telmo Gorrotxategi. Aurtengo udan EGOrekin ibiliko dira herriz herri kontzertuak ematen. Lehenengo kontzertua Hondarribian izango da hilaren 18an.
Gogotsu al zaudete emanaldietarako?
AITZIBER ESUAIN: Bai. Egia esan gogotsu nago kontzertuekin hasteko. Gainera, lehenengoa Hondarribian izanda, nire herrian, oraindik eta ilusio handiagoa egiten dit. Azkenean, lagunekin eta familiarekin partekatzeko momentu bat delako.
TELMO GORROTXATEGI: Egia esan bai. Gure familientzat, gainera, errazagoa izango da gu ikusteko. Niretzat oso guay-a da, batez ere, nire amonarengatik. Ezin du asko mugitu eta era honetan, ni eta nire kideak ikusteko eta arratsalde polit bat pasatzeko aukera izango du.
Orain artean asko entseatu al duzue?
ESUAIN: Oraindik ez gara hasi. Larunbatean hasiko dugu egonaldia. Orain arte bakoitza bere etxean ari da egokitzen zaion papera entseatzen. Larunbatetik aurrera elkartuko gara guztiok entseatzeko.
Orduan emanaldiaren aurretik oso egun gutxi egoten zarete elkarrekin.
ESUAIN: Bai, uste dut bost egun direla bakarrik. Hori bai, egun horietan tope ibiltzen gara. Egunero goiz eta arratsalde entseatzen dugu. Baina bai, egun gutxi dira eta azkar pasatzen da.
Ondo egokitzea lortzen al duzue?
ESUAIN: Normalean bai. Oso lan intentsiboa da, orduan beti lortzen dugu nahiko emaitza ona.
Telmo, nola daramazu zure zatia?
GORROTXATEGI: Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan ikasi nuen. Orain Amsterdamen nago [Perkusioko goi mailako ikasketak burutzen ari da], baina zortea dut; izan ere, kontserbatorioko zuzendaritzak bertan entseatzen uzten dit eta erraztasunak ematen dizkidate. Goizero joaten naiz bertara entseatzera.
Zenbatgarren aldia da EGO orkestran parte hartzen duzuena?
ESUAIN: Nire hirugarren egonaldia izango da. Lehengo urteko udan hartu nuen parte lehen aldiz eta gabonetako egonaldian izan nintzen ere.
GORROTXATEGI: Aitziberren antzera, nire hirugaren aldia da EGOn parte hartuko dudana.
Gainera titularrak zarete. Zaila da postu hori lortzea?
ESUAIN: Zaila da bai, baina entzunaldietara bideoa esperantzarekin bidaltzen duzu.
GORROTXATEGI: Egia esan, bai. Bideo bat bidali behar duzu, 13 minutukoa, eta bertan zure %100ean egon behar duzu.
Zer pentsatu zenuten titular bezala hartu zintuztela ikusi zenutenean?
ESUAIN: Poza eta ilusio handia sentitu nituen. Azkenean, konturatzen zara egindako esfortzu eta lan guztiak eman dituela bere fruituak. Batez ere, Euskal Herriko Gazte Orkestra izanda eta gu hemengoak izanda.
GORROTXATEGI: Oso pozik jarri nintzen.
Orain arte bi egonalditan egon zarete. Nolako esperientzia da EGOren parte izatea?
ESUAIN: Oso polita. Zure hobbia edo gustatzen zaizuna beste gazte pila batekin partekatzen duzu, harreman berriak egiten dituzu, eta udako bi aste horiek giro ezberdin batean pasatzen dituzu. Gazteek normalean bizitzen dutenaren aldean zerbait ezberdina da, baina aldi berean, oso polita eta asko ikasten da. Irakasle ugari etortzen dira eta profesionalengandik asko ikasten dugu.
GORROTXATEGI: Oso ona. Espainia guztiko kideak daude, Musikenen ikasten dutenek ere aurkezteko aukera dutelako. Oso berezia eta aberasgarria da.
Aitziber, zuk biolina jotzen duzu. Zergatik aukeratu zenuen instrumentu hori?
ESUAIN: Egia esan, ez dakit. Asko galdetzen didaten zerbait da, baina ez dut erantzun zehatzik. 8 urterekin instrumentu bat aukeratu behar izaten da, eta nire musika eskolan tailerrak egin ziren instrumentu ezberdinak ezagutzeko. Biolinak atentzioa eman zidan.
Telmo, zu aldiz, perkusionista zara.
GORROTXATEGI: Txikia nintzenean aitarekin erosketak egitera joaten nintzen eta tomate potoekin jotzen ibiltzen nintzen. Aita nekatu egin zen eta esan zidan: “Benga, bateria jotzera”. Eta horrela hasi nintzen.
Etorkizunean zer lortzea edo non aritzea gustatuko litzaizuke?
ESUAIN: Nire ametsa orkestra batean plaza lortzea da. Badakit oso zaila dela baina hori da nire ideia. Ikusiko da.
GORROTXATEGI: Orain Holandan nago. Hortaz, gustatuko litzaidake Alemaniako, Holandako edo inguruko orkestra batean sartzea, esperientzia hartzea eta urte batzuk pasata etxera itzultzea. Irakaslea izatea gustatuko litzaidake, ikasitakoa partekatzeko.