Musikari gazteak trebatzen jarraitzeko kontzertuak
Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) geldialdia egingo du Hondarribian. Hilaren 18an, 19:00etan, Itsas Etxea Auditoriuma soinu dotorez beteko dute gazteek. Tartean dira Aitziber Esuain eta Telmo Gorrotxategi hondarribiarrak.
![](https://bidasoa.hitza.eus/site/files/2024/07/ego-entzunaldiak.jpeg)
Euskal Herriko Gazte Orkestra (EGO) 1997ko uztailean sortu zuten. Proiektuaren helburu nagusia musikari gazteen prestakuntzarako tresna bihurtzea, eta mundu profesionalerako sarbidea bultzatzea da. Ordutik, udararo zein neguro, lanaldiak egiten dituzte eta horietan, nazioartean ospe handia duten orkestren munduko musikari eta irakasleekin lan egiteko aukera izaten dute. Euskal Herriko musikari gazteak ezagutzeko eta esperientzia berriak bizitzeko aukera bikaina izaten da, eta aldi berean, orkestra baten parte izaterakoan zuzenekoen esperientzia jasotzen dute, gazte-gaztetatik trebatzen joateko. EGOko kideen artean bi hondarribiar daude: Aitziber Esuain biolin jotzailea, eta Telmo Gorrotxategi perkusionista.
Topaketa bakoitzean, gainera, kontzertuak ematen dituzte. Datorren hilaren 18an Hondarribian izango dira, Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etan. Euskal Herriko Gazte Orkestra Ruben Gimenoren zuzendaritzapean izango da herrian, eta emanaldiak Seohyun Kim biolinista korear gaztea izango du protagonista.
15 urte besterik ez dituen arren, mundu osoan ezaguna den musikaria da Kim. Zortzi urte zituela bakarlari gisa aritu zen zenbait orkestra eta ganbera-multzorekin, eta ordutik, Espainiako Estatuko, AEBetako, Suitzako eta Hego Koreako orkestrekin jotzeko gonbidapenak jaso ditu. Iaz Tibor Varga lehiaketa internazional ospetsua irabazi zuen besteak beste.
Hondarribiko emanaldian bi obra joko dituzte. Antonin Dvorak konpositorearen Haizezko instrumentuentzako serenata Op. 44-rekin hasiko dute emanaldia, eta segidan, Piotr Ilich Tchaikovskyren Biolinerako kontzertua Op. 35-ekin bukatuko dute.
Aldian behin orkestrako kideak berritu egiten dituzte. Prozesu luzea izaten da eta jende andana aurkezten da entzunaldietara. Aurten 200 pertsona aurkeztu dira guztira. Horietatik 28 hautatu dituzte titular gisa (bi hondarribiarrak titular dira) eta beste 60 ordezko gisa. Lanaldietan, guztiak elkartu eta entseatu egiten dute, ondoren neguko zein udako kontzertuak eskaintzeko. Ruben Gimeno EGOko zuzendari artistikoak eskerrak eman zizkien guztiei parte hartzeagatik, eta aurten taldean sartzea lortu ez dutenei «gogor lanean» jarraitzera eta datozen entzunaldietan parte hartzera animatu zituen.
Sarrerak
Hondarribiko udako kontzertuko sarrera orokorraren prezioa 10,90 eurokoa da. 18 urtez azpikoena, berriz, 5,90 eurokoa. Sarrerak eskuragarri daude ticket.kutxabank.es-en. Udalerrian izan ondoren, herriz herriko ibilbideari jarraipena emango diote; hilaren 19an Azkoitian, 20an Donostian, 21ean Bilbon eta 22an Gasteizen izango dira.