"Gidaritza hartu, eta asko erakutsi behar izan nuen"
Zazpi urte bete ditu sanjuandarrak Lotura Films ekoiztetxearen gidaritzan, Juanba Berasategi, bere aitaren lekukoa hartu ondoren. Euskarazko animazioarekin mundutik bidaiatzeko ilusiori heldu dio.
Arzak jatetxean janaria kozinatzen ari diren bitartean, marrazkiak kozinatzeko ekoizpen lanetan topa daiteke aurreko espaloian dagoen Lotura Filmsen bulegoetan Miren Berasategi sanjuandarra. Marrazten duen herri bat inoiz ez da hilko mezua dute korridorean ezarrita, eta margolarien gelan, Juanba Berasategiren erretratua ikus daiteke.
Lotura Films 1992an sortu zuen zure aita Juanba Berasategik. Aurretik, 1986an, Kalabaza tripontzia egin zuen. Zein ilusiorekin sortu zuen ekoiztetxea?
Bai, Lotura Films nire aitak, Juanba Berasategik sortu zuen 1992an. Pelikulak euskaraz kontatzeko, edo besterik gabe gauzak euskaraz kontatzeko ilusioa zeukan berak. Pelikulek munduan zehar euskaraz bidaia zezaten nahi zuen. Hori zen bere ilusioa nire ustez, eta horrekin segitzen dugu guk. Agian beste mota bateko istorioak kontatzen ditugu. Izan ere, nire aita Kalabaza tripontzia-rekin hasi zen, eta horrek badu beste intentzionalitate bat. Egia da, gero, aitak beste hainbat pelikula egin zituela, baina buruan daukaguna da filmeek Euskal Herritik mundura bidaiatu behar dutela, eta euskaraz. Zentzu horretan ez da aldaketarik egon, eta ez dugu espero egoterik. Guk horrela ekoizten segituko dugu, eta horixe da aurrera egiterako orduan dugun ilusioa.
25 urte geroago, 2017an zehazki, zuk hartu zenuen Lotura Films kudeatzeko aitaren lekukoa. Nola bizi izan zenuen lekukoa hartzea?
Ez oso ongi. Nire aita jubilatzekotan zebilen, eta ni lekukoa hartzekotan nengoen, nahiz eta mila eta bat duda izan. Lekukoa hartzea ez zen oso modu naturalean gertatu, nire aita hilabete batean hil zelako. Lekukoa nahiko modu estresatuan hartu behar izan nuen.
Pelikula bat bukatzeke ginen, estreinatu behar genuen, eta bat-batean bakarrik sentitu nintzen enpresa batekin, pelikula batekin, proiektu batzuekin aurrera eramateko… Nire hausnarketa pertsonala egin behar izan nuen, ea aurrera nindoan edo ez erabakitzeko. Hasiera batean aurrera egitea erabaki nuen. Proiektu bat nuen esku artean, ateratzeko posibilitatea zeukana eta hori egingo nuela erabaki nuen. Eta beno, gero, gaur egun arte segitu dut. Dagoeneko zazpi urte daramatzat hemen.
Hiru urtera pandemia iritsi zen. Lekukoa hartzearen erabakiaz damutu zinen orduan?
Ez zitzaigun oso egoera txarrean iritsi pandemia. Lur eta Amets filma estreinatu berritan ginen, eta Orkestra lurtarra filma hasten ari ginen. Lanean ari ginen, eta horrela harrapatu gintuen. Nahiko momentu txarrak izan ziren, bakoitzak bere etxetik lan egin behar izan zuelako, baina Lotura prestatuta zegoen. Etxetik lan egiteko aurreko lan guztia egina zegoen. Langile bakoitzak etxetik egiteko aukera izan zuen. Kaosa izan zen, beste denentzat bezala, baina ondo bideratuta joan zen. Lur eta Amets filma estreinatu eta nahiko ibilbide polita egiten ari zen, pandemia etorri zitzaigun, eta zinemetako ibilbidea erori egin zitzaigun.
Sektore batzuk maskulinizatuta eta beste batzuk feminizatuta daude. Zentzu horretan, zein da animaziozko zinemaren sektorearen errealitatea?
Oro har sektorea maskulinoa da, eta uste dut gauzak poliki-poliki aldatzen ari direla. Botere kargu horiek gizonezkoek eraman izan dituzte beti, eta orain kontu hori aldatzen ari da. Ekoizle lanetan emakume gehiago ikusten ari gara. Baina, oraindik, lan asko dago egiteke. Egia da, ikus-entzunezkoen ekoizpenean, kudeaketarako lanpostuetan, emakumeek bai parte hartu dutela, baina lan horiek administrazioarekin lotutakoak izan dira. Antolatzea eginbeharra izan den lanpostuetan egon dira emakumeak, eta oraindik bertan jarraitzen dute. Gidaritza horretatik erabakiak hartzera badago pauso bat, eta agian hor bai badagoela emakumeen falta. Iristen ari da, baina oraindik, falta da.
Gainera, nire esperientziatik esan dezaket ez dela hori bakarrik. Emakumea naiz, eta orain, agian, ez naiz kargua hartu nuen bezain gaztea, baina enpresaren gidaritza hartu, eta asko erakutsi behar izan nuen. Nire atzean bazegoen ibilbide bat nire aitak egin zuena, eta nik ea zer egingo nuen zegoen esperoan jendea. Emakumea nintzen, gaztea, eta nire aitaren pisua nuen atzean. Horrek zure postua zalantzan jar dezake baldin eta zein bulegotan zauden. Gizonezkoa izan banintz gauzak beste modu batera hartuko zirela ziur nago. Emakume edo gizonezko izan, edonork behar du ibilbide bat, eta erakutsi aritzen zaren hori egiten badakizula, segurtasunarekin har zaitzaten. Emakume izateak horri ez dio laguntzen.
Zein da Euskal Herriko animazioaren osasuna?
Ez gara asko, baina tradizionalki Euskal Herrian animazio ekoizpenek pisua izan dute. Pixkanaka gauzak egiten ditugu. Ez gara ekoiztetxe asko. Ez dakit zenbat aldiro ateratzen den Euskal Herrian ekoitzitako animaziozko film bat, baina urtero ez bada, bi urtetik behin argitaratzen da film labur bat edota film luze bat. Euskal Herrian diot, zeren eta gurean badaude ekoizpenak euskaraz egiten ez direnak. Sortzen ari gara, oro har. Euskal Herrian badaude ekoiztetxeak gu bezainbeste urte dituztenak eta ekoizten ari direnak. Agian, bi ekoiztetxe garai berdinean hasten badira ekoizten, urte horretan ez da ezer argitaratzen, baina bi urtetara bai. Gure kasuan, behintzat, gutxienez bi urte behar izaten ditugu film luze bat egiteko. Oraintxe serie bat egiten ari gara Txileko ekoiztetxe batekin elkarlanean. Beste proiektu batzuetan ere ari gara, adibidez, film luze batean lanean ari gara. Ez dut xehetasunik aurreratuko, uste dudalako zorte txarra ematen duela horrek. Beste bigarren film luze bat badugu esku artean, beste serie bat ere bai… Beno, baditugu kontutxoak esku artean, baina finantzazio prozesua oso luzea da, eta dirua lortu arte ezin gara ekoizten hasi. Dena mugitzen ari gara oraintxe.
Finantzazio ekonomikoa da animazio proiektu batek duen erronkarik handiena?
Finantzazioa zailtasun handi bat da, bai animazioan bai eta irudi errealean ere. Egia da animazioa beti izaten dela ikus-entzunezkoen anai txikia, eta diru kopuruak txikiagoak izaten direla. Euskal Herrian momentu oso potentean gaude hobari fiskalekin. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko hobari fiskalak %70era igo dituzte, eta horrek aukera handiak ematen dizkigu gure proiektuak finantzatu ahal izateko. Gure proiektuak finantzatzeko beste modu bat dugu orain, eta ja ez da bakarrik diru laguntzen alorrekoa. Hobari fiskalak erabiliz laguntza zuzenago bat jasotzen dugu, eta aukera polita da proiektuak finantzatzeko. Orain hasi berri den kontua da, eta denak zer gertatuko denaren esperoan gaude. Ikusi behar da zein lan karga ekarriko digun, kanpoko enpresak hemen instalatuko diren edo ez… Ikusi behar dira gauza asko, eta oraindik goiz da ezer esateko. Oso aukera ona da, ondo kudeatzen baldin badugu, bai guk, baita kanpokoek ere.
Esango nuke hemengo proiektuak finantzatzeko helburuarekin igo dituztela hobari fiskalak, eta gerta daiteke kanpoko enpresa bat Euskal Herrian instalatzea eta hobariak baliatzea. Hori ez dut uste txarra denik. Kanpoko norbait hemen instalatzen bada guri ere lana emango digu, baina hori guztia ondo kudeatu behar da. Buruarekin egin behar da.
30 urte baino gehiago ditu Lotura Filmsek. Ilusioak berdina izaten jarraitzen du, baina bestelako eboluziorik nabaritu duzu?
Bai. Era analogikotik dator Lotura Films. Ekoiztetxeak ezagutu zuen lehenengo aldaketa izan ziren ordenagailuak. Dena paperean egiten zen, eta hori eboluzio garrantzitsuena izan zen. Duela 25 urte Lotura bisitatzen zuenak dena paperez beteta topatuko zuen, eta orain ez dago paper bakar bat ere. Dena ordenagailuz egiten dugu, eta hori da eboluzio handiena.
Bestalde, animazio tradizionaletik gatoz, fotogramaz fotograma dena eskuz marrazte horretatik. Oraindik teknika hori erabiltzen jarraitzen dugu, baina gehiago pasa gara cut out deitzen den formulara. Ordenagailuan txotxongilo batzuk ditugu eta teknika honek ekonomizatu egiten du prozesua. Tradizionaletik gatoz eta gustatzen zaigu, baina ekoizteko cut out modu hau ere asko erabiltzen dugu gaur egun.
Urte batzuetatik hona beste diseinu batzuk erabiltzen ari gara, beste istorio batzuk kontatzen ditugu. Juanbak utzi gintuen Nur eta herensugearen tenpluarekin, eta Euskal Herriaren historia kontatu genuen. Gero, Orkestra lurtarra-rekin hasi ginen. Guretzako aldaketa bat izan zen pelikula hura, pelikula zoro bat izan zelako. Ez genuen intentzionalitate handirik, ez da Euskal Herriaren historia kontatzen duen pelikula bat, alegia. Beste helburu batekin sortutakoa izan zen aurrekoa, eta, agian, bai, Lotura Filmsen aldaketa bat egon da diseinuetan eta istorioetan ere. Horrek ez du esan nahi ez dugula berriro Euskal Herriaren historiari lotutako zerbait kontatuko, edo beste Kalabaza tripontzia bat egingo. Orain egiten ari garen seriea, bi lehengusuren gaineko serie bat da, eta enpatiaz hitz egiten du. Istorioak kontatzen ditugu, baina badute kutsu hezitzaile bat. Kuxkuxeatu nahi duenak loturafilms.eus orrialdean sar daiteke eta ikusiko du zer ari garen oraintxe produzitzen.
Animazio ekoizpenak haurrentzako direnaren ideiak zabalduta segitzen al du?
Black Is Beltza II: Ainhoa pelikulan parte hartu genuen, eta arrakasta izan zuen: helduen artean badago nitxo bat animazioa kontsumitzen duena. Oraindik nik uste errazagoa dela hemen haurrentzako animazioa saltzea helduentzakoa baino. 2022an Goya saria irabazi zuen animaziozko film luzea, Unicorn Wars, helduentzako zen. Argi dago aldaketa bat gertatzen ari dela.
Kolaborazioak ere egin dituzue, esate baterako Bidasoa 2018-2023 dokumentalean Bidasoan hildako bederatzi pertsonen bizitzak kontatu dituzue. Irudi errealekin batera aritu zarete. Zein izan zen animazioaren funtzioa?
Oso polita iruditu zitzaigun proposamena. Askotan animazioak eskaintzen dituen aukerak dira irudi errealekin erakutsi ezin dezakezun hori animazioaren bidez egitea. Animazioarekin edozer gauza konta daiteke, eta hori da Fermin Muguruzak bilatzen zuena. Grabatu ezin dena animazio bidez erakustea. Hortxe ikusten da, berriz ere, animazioa ez dela haurrentzako soilik den zerbait. Helduentzako produktu bat ere bada, eta funtzionatzen du.
Pantailak Euskaraz mugimendua Interneten euskarazko produkzioen presentziaren alde lanean ari da. Nola ikusten duzu euskal ikus-entzunezkoen ikusgarritasuna pantaila txikian?
Pantailak Euskaraz egitasmoa oso garrantzitsua iruditzen zait. Gure gizarteak eskubideak du gure produktuak euskaraz ikustekoa, eta iniziatiba hori benetan garrantzitsua da. ETBk Primeran plataforma sortu du duela gutxi, eta euskaraz ikus daitezke ikus-entzunezkoak.
Euskarara apenas ez da ekoizten, eta euskarazko pelikulak ez dira zirkuitu komertzialetan apenas ikusten. Bestelako zirkuitu bat behar du euskal zinemak?
Gaur egun zinema aretoetan euskaraz ikusten diren produktuak guk ekoitzitakoak dira, eta euskaraz sortuta baldin badaude, euskaraz ikusten dira. Bestela, gaztelaniaz ikusten ditugu, ez dugulako beste aukerarik izaten. Aldiz, haurrei zuzendutako proiektuek badute aukera euskarara bikoiztuak izateko, eta ondoren, zinematan proiektatzen dira Eusko Jaurlaritzak duen egitasmo baten bidez.