Amaiur eta Hondarribia lotzen dituen harlandua ezarri dute
Bi herrietan harrizko plaka bana jarri dute oroitarri moduan. Hondarribiaren kasuan Arma Plazan kokatu dute, Amaiurren kasuan, berriz, iturri baten ondoan.
Hondarribiak Nafarroako erresumaren azken itsas portua izateari utzi eta Gaztelako erresumaren eskuetan geratu zenetik 500 urte igaro dira, eta bosgarren mendeurrenaren harira, Hondarribiaren eta Amaiurren arteko loturak sendotzeko senidetze ekitaldia egin zuten apirilaren 27an.
Ekitaldi horren amaieran, Isabel Alemanek, Amaiurko alkateak, eta Igor Enparanek, Hondarribiko alkateak, hurrengo hilabeteetan bi herrietan jarriko zuten harlandua desestali zuten.
Esan eta egin. Aurrerantzean Arma Plazako pareta batean ikusi ahal izango da harlandua Hondarribian. Amaiurren, berriz, herriko iturri baten alboan ezarri dute.
Harlanduan honakoa irakur daiteke:
“Bi herriren leinua
historia bakarraren doinua
amaierak batzen gaituena.
Nafarroako erresumaren
azken gaztelua eta azken portua.
Hondarribia-Amaiur
2024ko apirilak 27″