Igor Enparan: "Legealdi planak hasieran jasotzen zituen 142 neurri horien %60a martxan dago jada"
Abotsanitzen eta EH Bilduren gobernuak urtebete egin du agintean. Orain artean egindakoen balorazio "baikorra" egin du alkateak, eta martxan jarritako neurrien zein egiteke daudenen egoeraren berri eman du.
Gaur goizean Igor Enparan alkateak udal gobernua osatzen duten kideekin batera egin du agerraldia Hondarribiko Udaletxeko areto nagusian. Urtebete bete da udalerria zuzentzeko erronka onartu zutenetik eta urtarrilean (legealdi plana aurkezterakoan) hartu zuten konpromisoa beteaz, sei hilabetean behin planaren gauzatze mailaren eguneraketa egin dute.
Lehenengo urte honetan erronka handiak izan dituztela kontatuz hasi da alkatea. Erronka horiek, askotan, zailtasun askorekin etorri direla erantsi du. Agintea hartzerakoan lehenengo urratsa gobernu taldea osatzea izan zen. Bigarrena, berriz, aurrekontuak onartzea. Inoizko aurrekontu handiena onartu zuen udalak 2023ko azaroan. “Aspaldiko partez inolako kontrako bozkarik gabe” egin zuten gainera. Hirugarren urratsa legealdi plana aurkeztea izan zen. Plan honekiko harrotasuna erakutsi du alkateak aurkezpenean, “ezberdinen artean proiektuak egiteko gaitasuna” erakutsi dutelako. Hasiera batean, Legealdi Planak 142 neurri barnebiltzen zituen. Hilabete hauetan, ordea, plana handitzen joan da, eta egun 145 neurri jasotzen ditu.
Betetze maila eta neurri nabarmenak
Esan bezala, Abotsanitzek eta EH Bilduk osatutako gobernuak ondu zuen legealdi planak 142 neurri jasotzen zituen eta dagoeneko horien %60a martxan jarri dute: 29 neurri amaituak daude (%20), 59 neurri abian dira (%41) eta beste 57 datozen hilabeteetan jarriko dituzte martxan.
Enparanek bukatu dituzten, zein abian dituzten neurrien zenbait adibide eman ditu:
- Berdintasun saila sortzea (83. neurria): Gobernu talde honen erronka nagusietako bat izan da, “nahiko azkar” bete zena. Saila sortzeaz gain 84 eta 87 neurriak bete dituzte ere. Hau da, eraso matxisten aurkako telefonoa egonkortzea, eta gorrotozko erasoen aurkako udal protokoloa eratzea. Azken hau udalbatzak onartuta du jada.
- Haur parkeak estaltzea (23. neurria): Hasiera batean udalak parke bat estaltzea zuen aurreikusita, baina gobernu talde berriak hiru estali ahal izan ditu. Hortaz gain, haur parkeetako altzariak berritzen ari dira ere.
- Mendeluko auzo bulegoa (16. neurria): Mendelu auzoko erronkari aurre egiteko auzo bulego baten beharra zegoela ondorioztatu zuen gobernu taldeak, eta horretarako eraikin bat erostea beharrezkoa zen. Hala, urte hasieran Stanley eraikina erosi zuten, eta une honetan auzo bulegoa izapidetzeko prozesua martxan jarri dute.
- Hondarribia UEMA kide egitea (102. neurria): Udalerria urte hasieran sartu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean eta horrekin batera, hainbat ekintza gauzatu ahal izan dituzte. Hala nola, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi zuten, autoetan ipintzeko pegatinak eskaini zituzten, banku erakundeekin hitzarmenak situtatu dituzte harreta euskaraz bermatzeko, eta udalari zein herriari begirako euskararen normalkuntzarako planak onartu dituzte.
- Aldibaterakotasun tasa murriztea (48. neurria): Gobernu taldea udaletxera heldu zenean, %70koa zen udal langilegoaren aldibaterakotasun tasa. Gobernu berriaren helburua tasa hori murrizteaz gain, lanpostu berriak sortzea eta lanpostu publiko berriak eskaintzea zen. “2017 ezkeroztik ez da lanpostu publikorik eskaintzarik egin udal honetan” jakinarazi du alkateak. Dagoeneko OPEa egiteko proposamena bidali dute buletinera. 5 administrari kontratatzeko deialdia egin dute. Aldi berean, aldibaterakotasun kontratua zuten 41 lanpostu egonkortzeko prozesua martxan jarri dute. Izendatuta daude jada eta une honetan praktikaldiak egiten ari dira.
- Kultur agenda auzoetara zabaltzea (90. neurria): Kultur eskaintza auzoetara zabaltzea garrantzitsua da udal gobernuarentzat. Muliaten, adibidez, zenbait eskaintza programatu dituzte, eta hortaz gain, kultur irudi berria sortu dute: “kultura bizia nahi dugulako. Ez soilik ikustekoa, baizik eta elkar eragiteko kultur eskaintza nahi dugu”.
- Santiago kaleko lanak (neurri berria): Honakoa gerora gehitu dituzten hiru neurri horietako bat da. Dagoeneko lanak hasiak dira eta datozen sei hilabeteetan bukatzea aurreikusita dago. Lan horiek bi helburu dituzte: batetik, lurreko saneamendu hornidura berritzea, eta bestetik, mugikortasun eta irisgarritasun ikuspegi batetik kalea hobetzea.
Kalera zein etxe barrura begirako lanketa
Abotsanitzek eta EH Bilduk osatutako gobernuak bi helburu nagusi ditu: herritarren bizi kalitatea lehenestea eta hobetzen saiatzea, eta udal estruktura modernizatzea. Enparan: “Kalera begirako lanketa egin nahi dugu, baina baita etxe honen begirako lanketa ere, etorkizunean gauzak hobeto funtzionatu dezan”. Azken honetan, batez ere, zailtasun handiak izan dituztela azaldu du alkateak. “Oso zaharkituta zegoen estruktura bat aurkitu dugu, bereziki, udal barrura begirakoan gabeziak eta hutsuneak zituen estruktura bat”. Horrenbestez, proposamen berriak garatzea lan “nekeza” izan dela zehaztu du.
Zentzu horretan, gobernu taldeak argi izan du hasieratik udalari “bihotza” jarri behar ziotela. “Udal egiturak osasuntsu egon behar du eta langilek ere zainduta eta motibatuta egon behar dute, beraiek ere herritarrekin bihotza izan dezaten eta modu duin eta eraginkorrean artatu ditzaten.
Alfonbrak astintzen
Alkateak erantsi duenez “alfonbrak astintzeko beharra” ikusten zuten. Astindura hori, adibidez, aurrekontuen kudeaketan ikusi ahal izan dela kontatu du. Kudeaketa modu ezberdin batean egin dutela uste du zinez, horiek lantzeko eta osatzeko teknikarien eta udal talde politiko guztien laguntza izan dutelako.
Aldi berean, barne araudien “falta izugarria” sumatu dute, eta hortaz, lege orokorretara jo behar izan dute: “Aspaldiko prozedura funtzionamendua dugu. Gure ustez prozedurak berritu eta sinplifikatu egin behar ditugu”. Langileen aldibaterakotasun tasa kudeatzeko ere, estruktura aldetik, gabezia handiekin egin dute topo. Une honetan kanpo kontratazio baten bidez estrukturazio eta organigrama loturak ezartzen ari dira.
Urtebeteko ibilbide honetan, “nonbait galduta” zeuden espedienteak aurkitu dituztela jakinarazi du alkateak, eta horiek egunerokotasunean zailtasunak eragin dizkietela baieztatu du. Bestetik, udal ondasunen inbentariorik ez dagoela deitoratu eta horiek identifikatzeko kanpo kontratazio bat egin dutelaren berri eman du. Eta azkenik, babestutako etxebizitzaren gaineko kontrol ezarekin egin dute topo, eta horrek, etxebizitza parkea handitzeko aukerak murriztu egin dizkietela adierazi du, espekulazioa ahalbidetuz.
Hemendik aurrera zer?
Aurrerantzean erronka berriei eutsiko diotela ziurtatu du Enparanek. Hauek dira burutzea aurreikusten dituzten neurriak:
- Kasino Zaharreko kafetegia irekitzea.
- HAPOren hurrengo urratsa egikaritzea.
- Etxebizitza bat erostea gizarte erabilerarako.
- Autobus Zerbitzua martxan jartzeko izapideak burutzea.
- Arrantzale auzoko lanen kontratazioa martxan jartzea.
- San Nikolas baluartearen lurren erosketa.
- Terrazen ordenantza burutzea.
- Gizarte Zerbitzuak Muliatera eramateko lanak kontratatzea.
- Gaztelekuaren eraikin berria eraikitzea.
- Ordenantza Fiskal berria egikaritzea.