Greba egunak luzatu egingo dituzte etxez etxeko langileek
Ekainean zazpi greba egun burutu zituzten arren, Zaintza-Clence eta langileen arteko lan hitzarmenaren negoziaketak "blokeatuta" jarraitzen du.
Hondarribiko etxez etxeko langileek ekainean zazpi eguneko greba egin ondotik, hil honetan bost eguneko greba egingo dutela jakinarazi dute. Izan ere, azken hilabete honetan ez da aurrerapausorik eman lan hitzarmenaren negoziaketan. Are, Zaintza-Clence enpresak hura “blokeatuta” duela esan du ELA sindikatuak.
Udalak azpikontratatutako zerbitzua da, eta ekainean jakinarazi zutenez, etxez etxeko langileek udalak azpikontratatutako herriko beste sektoreetako langileen soldata baino %30 gutxiago jasotzen dute. Hortaz, langileen helburua soldata igoera jasotzen duen hitzarmen berria sinatzea da.
Enpresak, orain artean, ez du hitzarmena berritzeko intentziorik erakutsi, eta udala, hasiera batean, dirua jartzeko prest agertu zen arren (enpresak onartu ez zuen proposamena), ez du hiru eragileen arteko bilera bat egiteko pausoa eman, “negoziaketan parte hartu ezin duela” argudiatuta.
Gauzak horrela, ELA sindikatuak “udal gobernuak duen ardura bere egin eta esku har dezala” eta “hitzarmen berri baterako baldintzak sortzeko” eskatu diote. Bien bitartean, langileek mobilizatzen jarraituko dute: “zaintzaile zein erabiltzaileak erdigunean jarriko dituen bestelako zaintza eredu baten alde”. Greba datorren hilaren 15etik 19ra egingo dute.