Antolamendua aldatuko da Basurko kalean
Emigrazio eraikinaren ingurua berrurbanizatuko dute, eta Basurko kalera soilik bertako etxabeetako erabiltzaileen ibilgailuak ahalko dira sartu. Inguru horretako obrek 4 hilabete iraungo dituzte.
Emigrazio eraikinaren ingurua berrurbanizatzeko obren esleipena egin dio Irungo Udalak Campezo Obras y Servicios enpresari. Aurrekontua 443.375,16 eurokoa da eta lau hilabetetan burutu behar dituzte lanak.
San Migel auzoarentzat “oso obra garrantzitsua” dela baloratu du Cristina Laborda alkateak, inguru horretan espazio publiko berriak eta oinezkoentzako ingurune “atsegin eta berritu bat” osatuko dutelako. “Urrats honekin, herritarrentzako onurak ikusiko ditugu, eta Emigrazioaren espazioa erreferentzia sozial bilakatuko da inguruko herritar guztientzat”.
Berrurbanizazio proiektu hau, eraikinaren barneko plazaren urbanizazio proiektuarekin koordinatuta idatzi dutela azaldu du udalak, eta nagusiki Anaka eta Basurko kaleetan izango du eragina. Bi kale horietan irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte, espaloiak egokituz eta zoladurak berrituz, oinezkoentzako lehentasunezko edo elkarbizitzarako espazioak sortzeko.
Jarduketa nagusia, Basurko kalea oinezkoentzat egokitzea izango da, Javier Esteban Indar eta Anaka kaleen artean, hain zuzen. Bestalde, Emigrazioko eraikinaren Anaka kaleko espaloia zabaldu egingo dute, eta argiztapen azpiegiturak berritu.
Lan hauek inguruaren antolamendu berria eragingo dute. Hala, Basurko kalean bertako etxabeen erabiltzaileen ibilgailuak soilik ahalko dira sartu, eta debekua ezarriko diete gainontzeko ibilgailuei. Kalea bi noranzkokoa izango da, eta ibilgailuek Basurko kaletik bertatik sartu eta atera beharko dute. Aldiz, Basurko kaletik Anaka kalerantz ateratzea debekatuta egongo da.