Santiago eguneko goizak marmitako usaina izango du
Hilaren 25erako antolatu du Zumardikoak elkarteak II. Marmitako Txapelketa. Tokiko eta sasoiko produktuei balioa emateko helburua du.
Santiago eguneko goizak marmitako usaina izango duela ziurtatu du Zumardikoak elkarteak. Hilaren 25erako antolatu dute II. Marmitako Txapelketa.
Goizeko 10:00etan hasiko da lehia Gernikako Arbolako lorategietan (eguraldi txarra egingo balu Jostaldi pilotalekuan egingo litzateke txapelketa). Parte hartzaileek bi orduko tartea izango dute kazolak prestatzeko.
Zumardikoak elkarteak esperientzia luzea du gastronomia lehiaketak antolatzen. Bakailu txapelketak esaterako hamalau edizio bete berri ditu eta aurten Hondarribiko lehen babarrun lehiaketa antolatu dute. Txapelketa horiekin tokiko eta sasoiko produktuei balioa ematea eta euskal gastronomiako plater tipikoei lekua egitea da elkartearen asmoa.
Parte hartu nahi dutenek hilaren 21a baino lehen izena eman beharko dute 621 15 16 27 zenbakira deituta. Elkartetik eskerrak eman dizkiete Hazi fundazioari, Done Pedro Itsas Gizonen Kofradiari eta Kofradia Itsas Etxeari txapelketa aurrera ateratzen laguntzeagatik.
Osagai eta produktuak
Marmitakoa sukaldatzeko osagai nagusia, hegaluzea, Zumardikoak elkarteak banatuko ditu. Horiek sukaldatzeko beharko dituzten elementuak, ordea, suak, mahaiak, kazolak… norberak eraman beharko ditu txapelketaren egunean bertan.
Eguerdian epaimahaikideek platerak dastatu eta kazola onena sarituko dute. Saridunari sukaldari onenaren garaikurra eta txapela ipiniko dizkiote.